Quien calla, calla
Gauza asko aldatu da azken urteotan komunikazio-arloan. Eta horietako bat, besteak beste, inoren adierazpenen aurreko estrategia. Paperezko euskarrietatik teknologia berrietarainoko jauziak auzitan jarri ditu ohiko protokoloak, oraintsu arte egiunezko komunikabideetan indarrean egon diren moldeek ez dute-eta gizarte-sareetan balio.
Prentsa-irrati-telebistan informazioa piramidala da; langintza, profesionala; eta hierarkia, berriz, ezaguna bezain zehatza. Interneten, aldiz, esku-hartzaileak orotarikoak dira, ez dago hierarkiarik eta are gutxiago jakineko erantzukizunik.
Salaketa merke den merkatuan hitzak ez du lar balio. Durundia nagusi den garaian, isiltasun urriaren balioak gora baino ezin du egin burtsan.
“Quien calla, otorga” dio gaztelar klasikoak. Ez, ez, "quien calla, calla" zioen Juan Ajuriagerrak (1903-1978). Isilpeko komunikaziotan aditu samarra, Agirre lehendakariak propaganda frankistaren kontrako lanetan jarri zuen eta, gero, klandestinitatean, erresistentzian eta ezkutuan, hogeitaka urte luze egin zituen.
Isiltzen denak isildu besterik ez du egiten.
Juan Ajuriagerra, Felipe Gonzalezen eta Adolfo Suarezen artean (1977). Diskrezioa diskrezioa besterik ez da, ez lotsa.