Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Qatarretik Qatarrera

Qatarretik Qatarrera

Amatiño 2009/01/13 23:50
Mozah, munduko metanontzirik handiena, aurreko asteburuan izan da Bilboko portuan. Astelehenean itsasoratu zen, berriz, Zumaian, Adams Challenge petroliontzi-laguntzailea. Aurrenak Qatar zuen jatorri. Bigarrenak, ostera, Qatar du helburu. Biek egin dute estreinako elkarrekin topo, euskal ekimena tarteko. Ez gara nonbait euli kaka.

Mozah metanontzi garaua ez da Zierbenako kaira noraezean etorri,  Bilbokoa gasa bideratzeko europar porturik aproposenetakoa delako baizik. Eta bertan da, ez ustekabean, BBG (Bahía Bizkaia Gas), GNL (Gas Natural Likuatua) bergasteko Hego Atlantikoko  instalaziorik handienetakoa. Biak dira estrategia berberaren adierazgarri.

Kanpoko portuak hamar urte ditu ozta-ozta eta BBGk bost besterik ez. Biak dira euskal ekimen publiko-pribatuaren kimu, eta euren eragileak zein bultzagileak jakinekoak dira, gurean bizi dira, izen-abizenak dituzte, nahiz eta ezein komunikabidek elkarrizketatu beharrik sentitu ez.

Era beretsuan, zer esanik ez gero Persiar Golkotik ez dela inor Zumaiaraino etorri hutsaren hurrengoaren bila. Ezta beste edozein lekutan egin zitekeen ontzi eskaka ere. Amaitu dira ontzigintza eta galdaragintza antzerako sektoreak zireneko garaiak. Gaur egun itsasontzigintzak, lehiakor izatekotan, punta-puntako teknologia behar du landu eta burutu arlo guztietan. Astelehenean Urolako Balenziaganean ibairatu zen Adams Challenge itsasontziak zer ikusi gutxi du gure ontziolen tradizio zaharrarekin eta benetan asko gero, azken urteotako euskal ingeniaritza, elektronika, informatika, ikerkuntza eta eraberrikuntzarekin.

Julio Cara Barojak esana da Euskal Herriak krisi garai latzak bizi izan dituela itsasoari bizkar eman izan dion bakoitzean, eta gogotik aurrera egin izan duela, aldiz, itsasora begira jarri izan denetan.

Asteburu honetan itsaso begira azaldu gara. Jarri… aspalditxo jarri ginen.

 Mozah, Zierbenako Punta Luceron.

  Adams Challenge

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: