Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Protokoloa errudun

Protokoloa errudun

Amatiño 2008/03/09 00:00
Aitortu behar dut Arrasaten ostiralean izan zen bezalako gertakariek erabat deprimitzen nautela. Eta, behar bada, eskerrak gero deprimitzen nauten, askoz ere larriago litzateke-eta norberaren izenean egiten omen diren erailketek errudun sentiaraziko ez bagintu.

Eta, hala ere, ezin esan gero honelako sarraskietara ohitzeko aukerarik izan ez dudanik,  1999tik honako nere lan-mota dela-eta, ETAk eraildako hogeitaka gorpu bisitatu behar izan baititut hainbat UCI, morge, tanatorio eta hil-kaperatan. ETAk hamar urteotan hildakoen erdiak edo. Segurutik gatazka "humanizatzeko" beste hainbat modu ere izango da baina, benetan diotsuet, ez dela hau txarrenetakoa.

Ostiralean entzun nion Euskadi Irratian euskal intelligentsiaren solaskide bati, gatazkak ez duela nonbait aterabide errazik izango, politikariek arazoak konpontzeari ekin beharrean atentatuak “protokolotzen” ikasi omen dutelako. Banengoen ba ni, zenbait sasi intelektual gauza izango ote zen ETAren erailketak gaitzesteko, pasadizoan politikarien lana astintzeke.

Jakina ETAren erailketaren ondotik eman beharreko pausuak aldez aurretik ezagun samarrak direna. Nahi genuke guztiok ere honelakoetan zer egin behar den aldez aurretik ez jakitea; baina mila hildakoren ondotik, gurean badugu, tamalez, beste hainbat Herritan landu beharrik izan ez duten esperientziarik.

Bai, zoritxarrez, telefonoa lehen aldiz jotzen duen une beretik, familiak eraildakoaren gorpua  hilerriratu arteko pausuak ia-ia jakinekoak dira aurrez. Bai, familiaren harridura, negar-zotina eta noraeza tarteko, protokolo eta guztiko errutina latza benetan, gizartearen ohiko beste edozein ekintza --unibertsitateko matrikulazioa, kasu-- bezain arautua. Baina milaka herritar, alderdi guztiak (bat izan ezik) eta ehundaka komunikabide bat-batean mugiarazten dituen ustebako gertakariaren ondorioak bideratzeko, presaka eta harrapataka burutzen den ezinbesteko antolamenduari irakurketa politikoa ezarri nahia erabat mixerablea iruditzen zait.

Izan ere, Euskadi Irratiak ordu luzeak bota zituen ostiral arratsaldean –eta gero gerokoak— Arrasateko erailketaz informatzen, iritziak biltzen eta hainbat azterketa egiten, dezente ondo egiten gainera.  Baina arratsalde horretan, hain zuzen, eta gai horretaz, bereziki, Euskadi Irratian hitzegiten jardun zutenek ez zuten gero pentsatuko beraiek beste galaxia batekoak direnik eta ezelango protokoloz kanpo ari zirenik, ezta?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: