Prokrastinatzaile peto-petoak
Prokrastinatze* hitza, jatorriz, latina** den arren, ingelesez gaztelaniaz baino askoz ere ezagunagoa eta erabiliagoa da, nahiz azken bolada honetan gurean ere gero eta sarriago entzun. Dena den, hitza berria izango da, baina ez bederen ideia. Axularren "geroko gerotan" aritzea, “prokrastinatzen” jardutea besterik ez zen.
Urteak joan eta urteak etorri, ezker abertzalearen trenak edozenbat egokiera izan du 1977an galdutako erraila berreskuratzeko; eta, geltokiz geltoki, aukeraz aukera, abagunerik gehienei pasa-misi egiteaz gainera, derrigorrez ezin besteko aldaketak onartu behar izan dituen bakoitzean, ez da hala beharrezko onarpena samur aitortzeko gauza izan.
Beti geroko gerotan, beti berandu, beti bai-bainaka, beti egoera onagoren baten zain, beti aldaketa mozorrotuko duen hitz-jario korapilatsuren baten bila, ezelan ere zilegitzat jotzerik ez dagoena zelan edo halan zilegiztatu gurarik. Auskalo gero ezker abertzaleak zein katramila ote duen galtzarbean, baina gaizki eginak behingoz aitortzeko, behintzat, adore gutxi eta ausardiarik batere ez.
Bake-prozesu guztien azpitik eta presoen gizarteratze guztien gainetik, arazorik larriena da ezker abertzaleak ez duela nahi aitortu, 1977ko amnistia ostean zizpei berriro heltzea hanka-sartze historikoa izan zela. Eta horretan jarraitzen du, oraintsu arte gaitzetsi, gutxietsi eta oldartu izan dituen erakundeen onurez baliatuz, beraiek beti izan direla arrazoiaren jabe sasisinetsi gurarik.
Hain zaila al da esatea: “ez, ez zen zuzena izan arrazoi politikoez inor hiltzea?” Edo, “ez genuen asmatu”? Edo, Joseba Urrusolo Sistiagak ETAkide ohiak esan bezala: <<Tiene que haber una forma mínima de decir, ‘lo siento, ojalá no lo hubiéramos hecho'>>
Zeren beldur da ezker abertzalea? Benetan uste al du horrelako aitortzaren bat egingo balu, botoak galduko lituzkeela? Zergatik, zertarako, zeren edo zeinen izenean sekula guztian prokrastinatzen jarraitu?
Behar bada, memoriarik ezaz, arduragabetasunez, ezker abertzalearen zaharrek belaunaldi berriak engainatuko dituzte. Baina euren burua, ostera, inoiz ez!
---oo0oo---
*Procrastinate: To delay (repeatedly and without good reason) in doing some necessary act.
**Cras: Bihar.
--Bihar goizean = tomorrow morning = cras mannana (Berceoren garaiko gaztelania zaharra)