Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Profesionalak izan ginenen omenetan, omen

Profesionalak izan ginenen omenetan, omen

Amatiño 2024/04/17 12:20
"Liburu hau 1976an profesionaltasuna aldarrikatu zuten kazetari ausarten omenez egina da, bat egiten dugulako haien haserrean".

“1976 Profesionalak izan ginen urtea" (Lanartea, 2024) izenburupeko saiakera lau abiapuntu nagusitan burutua da: 1- 1976 lehen urtea izan zen Francorik gabe; 2- 1976 Kultura baztertu zen urtea; 3- 1976 euskal prentsaren urtea; eta 4- 1976 ganora, ausardia eta talentuaren urtea.

Franco 1975eko azaroan hil zela ez dago zalantzan. Horregatik, hain zuzen ere, ez da erraz ulertzekoa zertara datorren 2024ean nabarmendu nahi izatea, “amnistia ukatua” izan zela1976 urtean. Berrogei urteko diktadura militarraren ondotik amnistia 22 hilabetean lortu izana (1977) kexuz gogoratu behar baldin bada, zer esan ote daiteke armak uzteko ia mende erdi behar izan zutenen gainean?

Kultura baztertu omen zen 1976 urtean. Esateko modu bat da, baina ez bakarra. Agian ez zen kulturarentzat urterik onena izan, baina zilegi da esatea, kultura baztertu baino politika lehenetsi zela. Esan bezala, Franco 1975ean hil eta berrogei urteko diktaduraren ondotik, 1976ko erreferenduma, alderdi politikoen legeztatzea eta 1977ko lehen hauteskundeak etorri ziren. Belaunaldi osoaren politikarik ezaren osteko susperraldia izan zen, kulturaz ez ezik, baita hezkuntzaz, ekonomiaz, lan-harremanez, erakundetze-prozesuaz eta bestez ere. Kultura garrantzitsua da, baina ez du gizartearen monopoliorik.

Eta, hain zuzen, ezin ba 1976 kulturaren urtea izan, besteak beste, euskal prentsaren urtetzat jo genuelako. Hala ere, ondoko urteetan gertatua gertatu, eta egungo perspektibaz, nabarmen eraginkorragoa izan zen 1979 urtea, orduan erreferendumez onartutako Autonomia Estatuak zera dio-eta geroztik: “Euskal Herriak bere telebista, irratia eta prentsa arautu, sortu eta mantendu ahal izango ditu eta, oro har, bere helburuak lortzeko behar dituen gizarte-hedabide guztiak”. Orduandik gaur arte, azken berrogei urteotan, euskal kazetari gehiago aritu da lanean, aurreko historia guztian baino. 1976an inork sumatu ere suma ez zezakeen datua.

Azkenik, 1976 ganora, ausardia eta talentuaren urtea izan ote zen? Nekez gero, jarritako adibideak Ustela (1975), Pott (1978) eta Oh Euskadi! (1980) literatura-aldizkariak badira. Datei begiratu besterik ez dago. Gainera, ereduak horiek baldin badira, bistakoa da bi profesio ezberdin ari garela nahasten: kazetaritza eta literatura.

Profesionalak... zer profesiotan?

Urte hartako kazetaritzaren lekuko gisa --Olariagaren eta beste hainbaten irudi edo marrazkiez gainera-- liburuak biltzen ditu autore jakineko hirurogeiren bat lagin, zeinetatik hamabost-edo (%25) bertsoak edo olerkiak diren, hainbat bertsolarik, poetak eta abeslarik sortuak. Beste hogeita hamabosten bat (%58), berriz, hitz lauz, denetariko idazleen (irakasle, katedradun, pentsalari, kantari, aztertzaile, ikerlari, artista, nobelagile, kritikari, unibertsitari, poeta, erlijioso etab.) iritzi-artikuluak, baina, oro har, kazetari ez izateaz gainera, kazetaritza-lanbidearen moldeetan sekula ibili gabekoenak. Eta azkenik, bederatzi lagun (%15) baino ez, gutxi zein asko 1976an informazio-arloan zihardutenak.  Horietako hiru dagoeneko zenduak eta beste bi azken lau hamarkadotan prentsaz kanpo arituak. Hartara, liburuak biltzen dituenetarik lau kazetari besterik ez dira geratzen, gehi beti ahaztuxeak  gelditu ohi diren ezkutuko erredaktoreak eta irratiko beste bizpahiru beterano. 

Ez dakit zenbaterainoko aproposa datekeen 1976ko euskal kazetaritza hipotetikoaz baliatzea oraingoen haserre hipotetikoa aldarrikatzeko. Esaterako, 1976an lehen bider lortu zen “24 orduak euskaraz” irratsaioa, orduan sekulakotzat jo arren, azken berrogei urteotan eguneroko errutina bihurtu dena. Hartara, haserre? Zertaz haserre? 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: