Prezio-kontua ala ardurarik eza ote?
Hamazazpi sagar-mota, errenkadan, ez dira gero artaleak. Frantziako sei, Lleidako lau eta Zaragoza zein Euskal Autonomia Elkartekoak, bina. Txile, Girona eta Nafarroakorik, berriz, bana. Itxuraz petralena eta merkeena (1,89€ kiloa), Gironakoa; iritzira ere, ederrena eta distiratsuena (3,10€), frantziarra; eta, garestiena (4,19€), Gipuzkoako Errezil-sagarra*.
Euskal erosleok zer egin beharko ote genukeen… sumatzen dugu. Zer egin ahal dugun ez dago horren argi. Baina, zer gerta ere, zer egiten amaitzen dugun estatistikek esaten digute. Alegia, hizketan oso bertako zale agertu arren, praktikan ez garela aditzera ematen dugun bezain “zaleak” eta “hurbilak”.
Ez fruitu, ez okela, ez barazki, ez esneki eta ez beste hainbat kontsumotan ere. Euskal Autonomia Erkidegoan jaten dugun gaztaren %14 baino ez omen da bertokoa.
Ez dut uste prezio-kontua bakarrik denik. Gero eta gehiago errazenera jotzen dugu, eta bertako produktua erostea ez da sarri garestiago soilik, baita ezerosoago ere. Behar bada, ez gaude esfortzu ekonomiko handitarako, baina, are gutxiago, ahalegin pertsonaletarako.
Km0 industriala
Arlo honetan, bitxia da gero behatzea, km0-tzat jo ohi ditugun produktuak nekazaritza edo abelzaintzakoak izaten direla, euskal manufakturak urrutikoak balira bezala. Km0 leloaren aldarri berberak ez al gintuzke bideratu behar euskal industria (sukaldeko tresneria, etxetresna elektrikoak, esku-lanabesak, bulego-hornidurak, jantziak, bizikletak, eraikuntza, altzariak, produktu kosmetikoak, burdineria arrunta etab.) lehenestera?
* Itziar inguruko errezil-sagarra, kiloa 2,95 eurotan, Debako plazan