Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Potrozorrorik bako sasoia

Potrozorrorik bako sasoia

Amatiño 2023/01/13 11:35
Hasierako Arrate eskubaloi taldian ekiñera begira jartzia, automobillan ispillua etara eta begirakunia 60 urte atzera botatzia bestekua dok. Hirurogei urte ez dittuk artaliak; biharbada ez larregi, baiña bai, behintzat, urte dexente. Halandabe, ikaragarrixa zer bizkor pasau dan dana, hegaztadian letxe, ixa-ixa bart gertau izan balitzok moduan.

Ez jakixat zeiñi bururatu ete jakuan eskubaloi-taldia sortzia Eibarren. Orduan mutillok foballian eta esku-pelotan baiño ez genduan jokatzen. Eta, neskak, ezta horretan be. Edozein modutan, arrazoi bategaittik edo bestiagaittik, hori erabagixori hartu zebenok, aurretik Eibartik kanpora eskubaloian jarduteko aukeria izandako gazte apurrok harrapau bihar izan ginduezen, 1964 urtian-edo.

Oronozko (Baztan) ikastetxeko eskubaloi taldian jokatutako atezaiña nintzuan ni, Ramon Idigoras eta Mikel Larrañagaz batera. Hirurok bat egin genduan proiektu hareaz eta talde barri haren ondasunik handixena, hamarren bat gaztek osatzen genduon ilusiñua besterik ez zuan. Ezin ahaztu, hasiera-hasierako taldekidiak, Aldazabal, Areta, Batiz, Garate, Irazabal, Lanza, Miró eta beste.

“Sindikalaren” atzenengo pisuan erropaz aldatzen giñuan (sindikatu bertikal frankistak 1940tik 1975era konfiskatutako Herriko Etxearen eraikiñian), eta Untzaga plazan (Txantxa Zelai aldian) jokatzen genduan, musika-kiosko albuan, bueltan-bueltan tente ipiñi eta guri begira jartzen zittuan ikuslez inguratuta. Horretarako, partidu bakotxian porterixa bixak eruan bihar izaten zittuan, bizkar gaiñian hartuta, Udaletxeko arkupietako almazenetik kiosko aurreko plazara. Galdetu, bestela, Mikeli.  

Ez juat uste lehelengo bi atezaiñetako bat izan nintzanik onena nintzalako, seguru asko beste iñor topatzeko aukera askorik ez zegualako baiño. Goguan jakat, hobe biharrez edo, beterano borondatetsua ekarri zebela Donostialdetik, agertu beziñ laster “pitzatu” samartzat hartu genduana, orduan Eibarren esaten zan moduan. Penaltixetan, ez zuan porterixa erdixan jartzen pixkat aurreratuta, arraixa-gaiñian eta ezkerreko zutoiñ aldamenian baiño. Ikustekua zuan penaltixa bota bihar zebanak ipintzen zeban sinistueziñezko arpegixa, atia hutsik eta atezaiña zutoiñari helduta ikusitta.

Ha estrategixia oso gitxitan gertau izan zuan gure mesedetan, baiña nere ate-lagunak ziharo siñistuta aittatzen juan, eskubaloian, atezaiña jartzen dan lekuan jartzen dala, penaltixa botatzen dabenak beti eukitzen dittuala irabazteko guztiak eta berak hola jokatzen zebala, jarrera arraro haren eragiñ harrigarrixak gure alde jokatzen zebalakuan. Benetan miragarrixa zuan, bai, baiña, halandabe, ez juan eskolarik sortu. Beraaz hasi eta beraaz amaittu. Izan be,  Fernando Navarrok (1940-2011) ekiñ jetsan, entrenatzaille moduan, gauzak serixuago hartziari, eta hamar urte baiño ez jittuan bihar izan taldia mailla probintzialetik Ohorezko Dibisiñora igotzeko. 

Holan eta guzti be, larre motzeko denbora xuhurrak izan zittuan hasierakuak. Gutako bakotxak eruan bihar izaten jittuan norberan oiñetakuak, garbitzeko jaboia eta sikatzeko eskupañua. Gaiñerakuak be ez zittuan oso konpletuak. Goguan jakat, behiñ sekulako baloikadia emon zestela barrabillen artian eta zihetz jausi nintzala lurrera, konortia erdi galduta, ganoraz berba egitteko gauza be ez nintzala, eskuak hankabittartian ipini, koskabillueri oratu eta jendian artian “aaayyy” minberatsu latza entzutzen neban bittartian.

Ez juat sekula ahaztuko baloikadia bota zestan jokalarixa hurreratu jatala eta, ezustian, galdetu zestala: “baiña, hik ez darabilk potrozorrorik ala?” Eta nik, artian 19 urte bete barri, munduan jabe nintzalakuan, ordurako danetik nekixalakuan, tartako moduan erantzun najetsan: "Popotrozorrua… zer popotrozorro?”

Horraittiok, dudarik ez gero, Oronozko frailliok gauza asko eta onak erakutsi zeskuezela. Baitta eskubaloian jokatzen be. Baiña bajirudik ez zebela uste izan atezaiñari hankabittarteko kokilla aproposa janzten erakustia biharrezkua zanik. Jakiña, hasierako Arrate taldeko lehen arduradun xuhur eta zorrotzok be ez juen ezinbestekotzat jo atezaiñan potrozorrua oiñarrizko premiñen barruan. Beinke, gogua eta ilusiñua danonak zittuan, baiña, arrautzak, atezaiñak baiño ez jittuan Untzaga plazan arriskuan jartzen.

Bape duda barik, beste sasoi batzuk zittuan. Baiña hankabittarteko kokilla barik jokatu bihar izan arren, ez zittuan, iñundik iñora, okerraguak izan.

 

Arrate eskubaloi-taldea 1968?

Arrate esku-baloi taldia 1969/70 denboraldixan, Untzaga plazan. Zutiñik, ezkerretik eskumara, Fernando Navarro entrenatzaillia, Felipe Arrizabalaga, Juan Luis Aranberri, Julian Eraso, Vazquez, Ruiz eta Jorge Zamakola. Belauniko, Iñaki Mayora, Txomin Izeta, Teodoro Matarranz, Jose Arregi, Edelmiro González, Patxi Aranberri, XXX (1) eta Felix Ibarzabal.  Atzekaldian, barrenian, zirkulu falanjistian balkoia eta, hurrago, musika-kioskuan ertza.

Oronotz 1962-63
Oronozko ikastetxian esku-baloi taldia, 1962an. Tente, lehelena, Enrike Lafuente eibartarra eta, hirugarrena, Jose Domingo Goenaga ondarrutarra. Belauniko, aurrena, Rafael Agirre oñatiarra; laugarrena eta bosgarrena, barriz, Luis Aranberri eta Ramon Idigoras eibartarrak.
(1) Iñork ezautuko baleuk edo aldaketaren bat edo beste eiñ gura, esan baiño ez jakak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: