Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Portugaleteko zubiaren errepikapena eta euskaldunen portu galdua

Portugaleteko zubiaren errepikapena eta euskaldunen portu galdua

Amatiño 2024/05/20 23:40
Portugaleteko zubi esekiak bizkia du Frantziako Rochefort hirian. Biak dira Ferdinand Arnodin ingeniariak diseinatuak. Bizkaiko zubia –egitura bereko aurrena munduan-- 1893an inauguratu zen eta Rochefortekoa, berriz, 1900an. Lehena, Gizateriaren Ondaretzat jo zuen Unescok 2020 urtean. Ez, ordea, bigarrena. Aintzindaria izatearen ala ez izatearen aldea.

EuroVelo
Velodyssée (Roscoff-Hendaia) ibilbidea (1.200 km.). Bigarren herenaren inguruan, Rochefort.
Velodyssée-EuroVelo1 (1) deritza Frantziako txirrindu-ibilbiderik ezagunenari. Bretainako Roscoff herritik Hendaiaraino, 1.200 kilometrotan barrena, Atlantikoko itsasaldean zehar. Etengabeko ibilbide aproposa, puntu bakar batean izan ezik: Rochefort eta Échillais herrien arteko Charente ibaia gainditzeko unean ez dago bizikleta gainetik jaitsi eta orain dela ia 125 urteko “transbordeur” (2)  delakoa hartu baino. Hamabost minutuan behin, 2,10€.

Ferdinand Arnodin ingeniari frantsesaren ereduari jarraiki burutu zen Rocheforteko zubi esekia ere. Frantzian egindako lehena izan arren, berme guztiak izan zituen ekinera beretik, zazpi urte lehenago “Bilbon” arrakasta handiz eraikitako diseinu berberaren errepikapena baitzen, neurriz berdina ez izan arren. Portugaletekoa, 60 m. garaieraz eta 160 m. luzeraz; eta Rochefortekoa, berriz, baxuago, 50 m., eta hedatsuagoa, 175 m.

Mende luzea geroago, biek jarraitzen dute indarrean, funtzio desberdinez bada ere, Nerbioi itsasadarrekoan eguneroko eta bertako trafikoa (auto eta guzti) da nagusi. Charentekoan, aldiz, oinezkoak eta txirrindulariak baino ezin dira pasatu, eta ondare industriala kontserbatzeaz gainera, turismoa du gogoan.

Erromatarren ibaia

Charente ibaia Frantziako politenetakoa (3) omen da. Hogeita bat esklusari esker nabigagarria (4) da itsasotik Angulemaraino, Rochefort, Jarnac, Cognac eta Saintes (5)(6) zeharkatu ostean. Erromatarrek erruz erabili zuten duela 2.000 urte, inguruan lagatako arkeologia-aztarren (7) baliotsuak lekuko.

Charente ibaia eta Oléron uharteen artean itsasoratzen da, Bizkaiko golkoan, Euskaldunen arrada (8) deitu uretan, non 1809an. Frantziako eta Ingalaterrako armadek elkar erasotu zuten. “Rade des Basques” agertu ohi da frantsesez, baina baita ingelesez eta espanieraz “Battle of the Basque Roads”, “Batalla de las Rutas Vascas” zein “Batalla de los Caminos Vascos” ere. Eta behin, gutxienez,Puerto de los Vascos. Hartara, ez da ausartegia pentsatzea, garairen batean, Arroxelako portu nagusira bidean-edo, euskal itsas-trafiko handi samarra --kortsarioak eta piratak (9) kasu-- izan zela inguru horretan, eta Charente ibaiaren bokalea izan zitekeela nolabaiteko babestoki edo gordeleku, 

.

Charenteko zubi esekia
Charente ibaia eta Rocheforteko zubi eskia. Portugalekoa baino 10 m. baxuagoa eta 15 m. zabalagoa. Ez da alde batean zein bestean Portugalete eta Areetako hiribilduen parekorik.




.

Euskaldunen arrada
Ingalaterrako eta Frantziako armaden arteko elkarren erasoaren (1809) grafikoa, historialari ingelesen arabera.


---ooOoo

1) EuroVelo da Europa puntatik puntara zeharkatzen duen distantzia luzeko bizikleta-ibilbidearen sarea. Gaur egun, 17 ibilbide dira baliagarri eta bi Euskal Herritik pasatzen direnak, EuroVelo1 (11.000 km.), Norvegiako Ipar Muturretik Portugaleraino (Skandiberika), eta EuroVelo3 (5.122 km.) Trondheimetik (Norvegia) Santiagoraino (España). Horrez gainera, 2028an irekitzekoa omen da EuroVelo16, Portugalgo Alentejotik Madrilen eta Iruñean zehar, Hendaian EuroVelo1 eta EuroVelo3rekin elkartuko dena. EuroVelo1 ibilibideari Velodyssée deitzen zaio Frantziako tartean.

2) Portugaleteko  Bizkaiko Zubiari beti ere "zubi" esaten zaion arren, nahiz haren funtzioa "transbordatzea" izan, Rochefortekoari "transbordeur" esaten zaio une oro. Ez du, nonbait, "zubi" zentzurik eguneroko solasaldietan. Rochefortekoa, lehen eta behingoz, "transbordeurra" da eta ezer gehitzekotan, "pont transbordeur". Portugaletekoa, ostera, lehen eta behingoz "zubia" da, eta ezer ezartzekotan, "esekia". Baita Wikipedian ere. 

3) Frantzisko I.a Frantziakoak (1494-1547) esan omen zuen orain bost mende inguru. Eta ez zen, antza, batere errege moxoloa izan, berak erakarri baitzuen Frantziako gortera Leonardo da Vinci artista eta, bide batez, Gioconda (Mona Lisa) margolana erosi zion..

4) Charente-Maritime  arrantzaleen, marinelen, itsaskarien eta militarren eskualdea izan da hainbat mendetan. Egun Europako itsasbazterrik ospetsuenetakoa da ostra-hazkuntza eta salmentan. Lehorreko soroetan ardotarako (cognac) mahastiak dira nagusi eta turismoa gero eta nabarmenago Charente ibaian zehar (txirrinduak, txalupak, batelak, ontzi motordunak...) . Itsasaldean, berriz, nahiz Arroxelak 80.000 biztanle baino ez izan, hiru milioi turista hartu ohitu ditu urtean zehar, Hego Euskal Herri guztiak beste. Segurutik Arroxelako portuak biltzen ditu Baionatik Baionarako portu denek elkarrekin baino kirol-itsasontzi gehiago. Ez dago zenbatu beharrik, amaierarik gabeko masta-basoa behatu besterik ez. Zentzu honetan, "Euskaldunen arrada" da, haize ugariz eta olatu urriz, belaontzitan ibiltzeko Bizkaiko golkoko paradisua.

5) Saintes deiturak “santutik” (saint) ote datorren ematen duen arren, “santonoiak” bertan ziren erromatarrak eta kristautasuna heldu aurretik ere.

6) Frantziako Errepublikaren sekularizazio-legeen (1901-1903) eraginez, Saintesko moja bi, “irteeraren” bat aurkitu nahirik, 1904 urtean Eibarreraino heldu ziren, Agustin Enbil parrokoak hartu zituen, Aldatzeko jauregian  kokatu eta… gaur arte (EIBAR aldizkaria, 114 - 43 or.).

7) Besteak beste, ikustekoak gero, Saintesko anfiteatro erromatarra eta ibai-alboan bertan bi mila urte luzez (18-2024) tente dirauen Germanikoren Arkua.

8) Gutxi zein asko, han-hemenka bada Euskaldunen Arradaren berri interneten. Ez dut, zehatz, inon aurkitu ordea, “basque” izenaren zergatia. Aipagarri, hala ere, frantsesez “Rade des Basques” agertu arren, ingelesez “Battle of the Basque Roads” agertzen dela, eta, espainieraz “Batalla de las Rutas Vascas” zein “Batalla de los Caminos Vascos” edota “Puerto de los Vascos” ere. 

9) Edo, agian, euskaldunak eurak ote kortsario eta pirata beldurgarriak?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: