Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Porruko salda

Porruko salda

Amatiño 2011/07/06 16:00
Egunen batean norbaitek “porruko salda” esango du eta inork ez du erreakzionatuko. Bai, adituek –Altube eta Azkue aipatuz-- gogoraziko dute forma hori ez dela jatorra eta hiztegiek azpimarratuko, berriz, Euskaltzaindiak “porru-salda” hobesten duela, baina ezer gutxi gehiago.

Jose Antonio Arana Martijaren heriotza zela-eta, zera irakurri ahal izan genuen Gernikako euskaltzainaz: “Euskaltzaindiaren liburutegiko sortzailea”. Euskaltzaindiaren liburutegian, antza denez, arasez, liburuez eta agiri zaharrez gainera garbitzaileak, idazkariak, artxibatzaileak eta sortzaileak daude eta azken hauetako bat Jose Antonio Arana Martija genuen. Nik uste nuen, ordea, Euskaltzaindiak liburutegiren bat duen bezala, liburutegiak berak ere sortzaileren bat izan zuela eta, hain zuzen ere, Jose Antonio bera izan zela Euskaltzaindiaren liburutegiaren sortzailea.

Jaso dut “Agrupación de Sociedades Laborales de Euskadi” (ASLE) delakoak hilero argitaratu ohi duen aldizkaria, Euskadiko Elkarte Laboral Taldeako Aldizkaria alegia. Logikarik ez zaio falta. Erakundearen izen ofiziala “Elkarte Laboral Taldea” baldin bada, aldizkaria “Taldeakoa” izan behar. Zergatik ez?

                          Taldeako aldizkaria

Bai, badakit begiko, belarriko eta ipurdiko mina ere ematen duela, baina tristeena da jakitea -a artikulua kenduz gero (taldeko) gehien-gehienok konpondutzat joko genukeela hanka-sartze hori, -a artikulua dagoen dagoenean utzi eta dagokion –ren atzizkia jarri beharrean: taldearen aldizkaria, alegia.

Honezkero irakurleren bat hasia izango dugu Euskadiko Elkarte Laboral Taldearen euskal mailarik eza sumatzen, baina euskal irrati publikoak urteak daramatza “Euskadi Irratiko albisteak” edo “Euskadi Irratiko informazio-zerbitzuak” iragartzen eta inork ez du okerrik salatu. “Euskadi Irratiako albisteak” esateari ekin beharko ote lioke behingoz hanka-sartzeaz jabetu gintezen?

Gainera, ez da gramatika-kontua soilik. SER Irratiak “los informativos de la SER”  iragartzen dituenean, harrokeria-puntua sumatu ohi zaio, “bere” albistegiak merkatuko onenak edo berezienak direla adierazi nahirik ari baitzaigu,  eta ez Bilbotik edo Bartzelonatik egiten diharduela azpimarratu gurarik.

Euskadi Irratiko Informazio Zerbitzuak ematen zaizkigunean, aldiz, gure irrati publikoa ez da eskaintzen ari zaigun ekoizpenaz harrotzen, barruan dituen tramankuluak edo giza-baliabideak azpimarratzen baino. Euskadi Irratiak ez du albistegirik. Euskadi Irratian albistegiak daude.

Edozein euskaldunek daki zein den gobernu-bozeramaile eta gobernuaren bozeramailearen arteko aldea. Ez dakit ordea gobernuko bozeramailea zer arraio den asmatuko ote genukeen erdaraz ez bageneki.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: