Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Popatik hartu, noiz amaituko zain

Popatik hartu, noiz amaituko zain

Amatiño 2023/12/23 00:10
Napoleon Napoleon da, eta frantsesei ez zaie Sir Ridley Scott* britainiarraren filma batere gustatu. Ez soilik sekula jazo ez ziren uneak eta egoerak gertatutzat jotzen dituelako, baita ere “Petit empereur” zenaz azalerazten duen irudi motz eta petrala nekez datorrelako gutxieneko begirunerik merezi omen duen buruzagi handiarekin.

Era berean, gustuko edo ez, filmaren ikuspegiak nekez bete ditzake espainiar zinezaleen ikusmina, ez baita Napoleonek Pirinioak gurutzatu zituenik ere aipatzen. Lekutan geratzen dira Independentzia gerra, Aragoiko Agustinaren epopeia, Goiaren afusilamenduak edo Pepe Botellaren mozkorraldiak. Sinesgaitz dirudien arren, artean Napoleon Egipton ei zegoen piramideak bonbardatzen. Ez da egia, jakina, baina zinea zine, ez gero ikuskizun ederrik txikikerietan alferrik galdu.

Ez diot ezein zine-kritikariri oraindik irakurri, Joaquin Phoenix aktoreak burutzen duen Napoleonen rola txalogarri gertatzen denik. Askotxo dira hainbat bataila (Austerlitz, kasu) zeharo ulergaitz suertatu izana salatzen dutenak eta gehien-gehienak dira, aldiz, gudalosteen mugimenduak, infanteriaren martxak, zalditeriaren kargak eta kanoikaden burrunbak bereziki onerako azpimarratu nahi izan dituztenak. Baina, uzta soil horretarako, 158 minutu ez ote lartxo?

Nik, ordea, aukeran, azpimarra jarriko nuke Napoleon eta Josefinaren (Vanessa Kirby) arteko sasiamodio-harremanetan. Josefinaren nahiak, gurariak eta helburuak behar adina eztabaidatu ahal dira, Sharon Stoneren pare izterrak aurrez aurre zabaltzen dizkionean,  baina, zer gerta ere, korsikar txikiaren sexu-gaitasunik eza eta sexu-artearekiko analfabetismo larria kristorenak dira. Horrela, landetako zein gorteetako borroken arteko atsedentxoetan Napoleon arlotea, batere grinarik gabe, Josefina lirainari popatik ematen ikustea, enperatriza sabaira begira noiz amaituko zain dagoen bitartean, tarteka-marteka ere behatzen  ez diren sekuentzia horietakoa da.

*Ridley Scott

Napoleon Josefina
Napoleon (Joaquin Phoenix) eta Josefina (Vanessa Kirby)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: