Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ponpaz eta boatoz

Ponpaz eta boatoz

Amatiño 2016/06/02 00:05
“Hoy es día de pompa y boato” esan zidan, ahopeka, aldamenean eseri zitzaidan emakume butakakideak. Eta euskaldunik gehienek gure baitan omen dugun dena-itzuli-beharreko-obsesio horrek lanari ekin zion, naizen hau kontura aurretik. “Pompa y boato”... zelan arraio esan horren pareko edo antzerakorik euskaraz?

Auskalo baina, zer nahi delarik, benetan demasekoa izan zen, bart iluntzean, Donostiako Kursaalean, Orfeoi Donostiarrak eta Tolosar Kapitoleko Orkestra Nazionalak eskaini zuten Requiema, Berliozen (1803-1869) “Hilen Meza Nagusia, OP. 5” delakoa.

Ez da batere ohikoa 220 lagun inguru elkarrekin biltzea eszenan. Eta ezohikoagoa dozenatik gora haize-instrumentu jendartetik aritzea. Sekulako ikuskizuna, ederra, arranditsua, handi-mandia… inoiz ahaztu ezinezko horietakoa.

Berliozek fedea galdu omen zuen, edo bere gisara utzi, gaztetan katoliko, apostoliko eta erromatar sutsua izan ostean. Bere memorietan aitortu zuen, ez ironiarik ezaz: “erlijio xarmant honek –inor erretzeari utzi dionetik— hainbat urtez egin ninduen zoriontsu.”

Ez diot nik kontrakorik esango, ezta fededuna ez zenik ukatuko ere, baina, horratik, agnostikoa izatekotan, zaila izan behar du gero, egunak joan eta egunak etorri konponitzen aritzea, Kyrieka, Lacrymosaka, Rex Tremendaeka, Dies Iraeka, Hostiaka eta abarka.

Hala ere, tira, hildakoen meza batean, eta latinez, ez dirudi XIX. mendeko testua denik aztertu beharrekorik aproposena, Victor Hugo, Honoré Balzac eta Alexandre Dumas idazleen adiskide erromantikoak utzi zigun musikaren ozentasuna baino.

Ozena, Berlioz. Indartsua, Tolosako orkestra. Eta, erabatekoa, Donostiako Orfeoia. Ponpaz eta boatoz, ospakizun, solemnitate eta arranditarako apartekoa, mundiala. Bat bakarra munduan, alegia.

.

Argazkia, pirata samarra izateaz gainera, gogotik txarra da. Baina lekukotasunik ez dio inork ukatuko

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: