Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Politikaz posible denaren artea

Politikaz posible denaren artea

Amatiño 2017/12/26 09:00
Bai duela berrehun urte, bai geroztik eta bai orain ere, gizartea zenbaitek nahi baino anitzagoa da. Hemen eta Katalunian. Eta aniztasun hori kudeatzea arte bat da. Politikaren artea. Sasoi bakoitzean posible denaren artea.
Politikaz posible denaren artea

Bergarako Udalaren liburuxka**

Kataluniako hauteskundeen osteko biharamunean, Puigdemontek Rajoyri eskatu zion elkarrekin biltzea. Rajoyk erantzun, berriz, ezetz; berak, biltzekotan, Ines Arrimadasekin bildu beharko zukeela, Ciutadans izan delako botorik gehien jaso duen alderdia.

Okerreko erantzuna, ordea, Rajoyrena, Espainiako gobernuburuak ez duelako hitzegin behar alderdien zerrendaburuekin, hauteskundeen ondoko Parlamentuak hautatutako Generalitatearen presidentearekin baino. Eta, oraingoz behintzat, Kataluniako presidentea ez da Ines Arrimadas; baina, kontzuz, ezta Carles Puigdemont ere. Eta, izango denik ere, ez daki inork, ezta berak ere.

Arazoa da Puigdemontek jarraitzen duela hitzegiten –nondik eta Bruselatik--- Kataluniako presidentea balitz legez. Baina ez da. Puigdmontek hitzegiten du bera Katalunia osoa balitz moduan, eta auzia Kataluniaren eta Espainiaren artekoa balitz bezalaxe; baina, Katalunia Puigdemont baino anitzagoa da eta auzia, lehen eta behingoz, katalanen artekoa, aurreko osteguneko hauteskundeetan nabarmendu zenez.

Hauteskundeen emaitzen gainetik, Katalunia eta Espainia aurrez aurre jartzea oso beroa eta liluragarria izan daiteke, baina ez da beti, zer gerta ere, demokraziaz jabetzeko modurik aproposena.

Jokabide hori ezagutu izan dugu aurretik Euskadin, non, berrogei urtean, sektore jakineko baten joko politikoa izan zen, bere estrategia partikularra Euskal Herri osoarena balitz bezala azaltzea eta aldarrikatzea.

Eta ez zen, horratik, jokabide berria. Lehenago ere, sasoi bateko gazteei sinestarazi nahi izan ziguten 1936ko gerra zibila eta ondoko diktadura frankista euskal abertzaleen eta Espainiako faxisten artekoak izan zirela gehienbat, sozialistak-eta, erdi ahaztuz.

Eta, are gehiago, orain berrehun urte ere, Bergarako Besarkada ospetsua sinatu zenean, karlisten eta liberalen artean, Felipe Azkona Bergarako alkateak idatzi zuen * orduko bake-hitzarmena euskaldunen eta espainolen arteko ituna izan zela, euskal hiritar guztiak karlistak balira bezala eta espainiar guztiak, berriz, liberalak.

Bai duela berrehun urte, bai geroztik eta bai orain ere, gizartea zenbaitek nahi baino anitzagoa da. Hemen eta Katalunian. Eta aniztasun hori kudeatzea arte bat da. Politikaren artea. Sasoi bakoitzean posible denaren artea.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria


* Entre el absolutismo y el Convenio de Bergara. José Antonio Zabala Unzurrunzaga. RIEV, 1993 (163-183 orrialdeen artean. Bergarako alkatearen aipamena 178. orrialdean)

** "El Convenio. La paz y el Abrazo de Bergara". David Zapirain eta Juan Carlos Mora (tamalez, hogei orrialdeko liburuxka interesgarri hau ez dago sarean. Udalak zabaldu ohi du turisten artean) 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: