Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Politikaren ordua

Politikaren ordua

Amatiño 2020/12/15 10:00
Eskizofreniko samarra ere bada. Batetik Iparragirreren Gernikako Arbola euskal ereserki nazionaltzat aldarrikatu eta, bestetik, haren kanten letra lotsaz aldatu. Iparragirreren aurpegi guztiak aitortzen ez ditugun artean umekerietan jarraituko dugu.

Ezker abertzaleak hainbat urtez muzin egin zien espainiar hiritar bezala bere jarraitzaileek zituzten eskubide politikoei; hitzez hitz, Juan Carlos Erregeren tranpa besterik ez zela-eta. Ez omen zituzten euren eskubideok garatuko, euskal gobernu eta parlamentu nazionalak hautatzeko baino. Oraingoan, aldiz, ezker abertzaleak onartu ditu, Espainiako Aurrekontu Orokorrak ez ezik, baita Errege-Etxearenak ere.

1939ko gerraren ostean, berrogei urteko diktaduraren ondotik eta Gernikako Estatutuaren beste berrogei urtez gero, politika egiteko ordua da. Ea, behingoz, 36an hautsi zen gizarte zibila berreskuratzen dugun, eta 70an Burgosko prozesuak eragin zuen indarkeriaren epika mortalaren azken hondakinak uxatzen ditugun.

Gure aitona-amonek gerra aurrean ezagutu zuten gizartea oraingoa baino anitzagoa zen. Denetarik zegoen, nazionalistak eta estatutuzaleak; sozialistak eta kontserbadoreak; errepublikazaleak eta erregetiarrak; liberalak, foruzaleak eta karlistak; integristak eta anarkistak. Eta, seguru, orduko euskal gizarte hura ez zela oraingoa baino espainolagoa edo frantsesagoa.

Xabier Letek egunotan gogoratu bezala, aberria ez da elkarri botatzeko arma: “Ni naiz aberria, eta zu, eta hura, eta bestea” –zioen poeta oiartzuarrak. Denok osatzen dugu aberria. Eta, zer gerta ere, ezin dugu gezurretan bizi, geure burua engainatu.

Beste poeta batek, Iparragirrek, Hendaiara heldu, Bidasoaldera begiratu eta zera kantatu zuen: “Hara Espainia, lur hoberikan ez dago Europa guztian”.

Kontuz, gero. Ez dinot Iparragirrek arrazoi zuenik. Ez dinot Iparragirreren ikuspegi hura aldatzerik ez dagoenik. Baina ezin dena egin, zera da: esan zuena ahaztu eta, komeni zaigulako, esan ez zuena haren ezpainetan jarri.

Eskizofreniko samarra da. Batetik Iparragirreren Gernikako Arbola euskal ereserki nazionaltzat aldarrikatu eta, bestetik, bere kanten letra lotsaz aldatu. Iparragirreren aurpegi guztiak aitortzen ez ditugun artean umekerietan jarraituko dugu, gure historia eta gure aniztasun politikoa ukatzen, zahartu arren, sekula gutxieneko heldutasunaz jabetu ezinik.

EUSKADI IRRATIA – Albiste Faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: