Politikaren artea
Politikaz ere, beste horrenbeste. Bada dioenik jendeak politikan sinesteari laga egin diola, baina nik uste dut, ordea, aldrebes dela. Jendeak inoiz baino gehiago sinestu nahi du politikan… edo mirari politikoetan, hobeto esan. Lehen, politikari, politikak eman lezakeena baino ez zitzaion eskatzen; orain, ostera, politikak nekez eman ditzakeen konponbideak ere eskatzen zaizkie politikoei. Inor gutxi dago ñabardura konplexutarako. Eta arazoa gaiztoagotzen da, politikariek bete ezin izango dituzten promesak agintzen dituztenean.
Aberri Egunez eta Kataluniako nahaste-borrastearen inguruan, Eusko Alderdi Jeltzalearen ideologo batek esan du: “atzean gizarte zibilik ez duen estrategia politikoa estrategia hila da". Ez zaio arrazoirik falta, nahiz, Alemania biak elkartarazi zituen Helmut Khol kantziller handiak aspaldi adierazi, bi eratako politikariak daudela: “batetik, goizean jaiki, inkestak irakurri eta emaitzen arabera erabakiak hartzen dituztenak; eta, bestetik, estrategia bat dutenak eta aurrera eramateko gertu daudenak, iritzi publiko nagusiak ulertu ez arren”. Ikuspegi bi hauen balantzan dago, hain zuzen, politikaren artea.
Katalunia, Konstituzioaren 155. artikulua zein Espainiako aurrekontuak direla-eta, seguru asko estrategiaren bat izango du, izan, Eusko Alderdi Jeltzaleak, Rajoyri behar dituen bost botoak ukatzeko. Nago, ordea, jeltzaleen boto-emaileek ez dutela horren garbi ikusten. Jendeak ulertuko luke aurrekontuak ez onartzea, txarrak balira; baina on samarrak badira, ezezkoa eman, katalanak elkarrekin konpontzeko gauza ez direlako?
Horra hor, estrategia politikoaren eta gizarte zibilaren arteko oreka asmatu beharra; eta, aldi berean, horra hor ere, iritzi publikoak ulertzen ez dituen erabakiak hartu beharra.
Hartu beharra-edo…
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria