Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Politikagintza, Javier Atutxaren omenetan

Politikagintza, Javier Atutxaren omenetan

Amatiño 2013/08/10 17:50
Badira politikaz kanpo sekula lan egin ez duten politikariak. Eta, izan ere, badira bere lanpostu pribatutik at inoiz soldatarik jaso ez dutenak. Azken hauek gero eta gutxiago dira eta aurreko haiek, ostera, gero eta gehiago. Baina, modu batez zein bestez, politikan sartzen jakin behar da, baita ateratzen ere. Politika bidegurutzea da, ez bizi guztirako geltokia.
Politikagintza, Javier Atutxaren omenetan

Javier Atutxa

Profesionaltasunak abantaila handiak ditu eta hiritarrek herrigintzan buru-belarri la negin eta politikatik bizi ahal izanak demokraziaren lorpenetakoa da. Geroztik politikagintza ez da aberatsen eta aristokraten eskudantzia, herritar guztien eskubidea baino. Arratsaldeko zazpietatik aurrerako politikagintzak bere epika (eta etika) du, baina ez da, luzera, justuena, ezta emankorrena ere.

Zazpietatik aurrerako orduak politikari eskaini zizkion azken politikaririk handienetakoa Javier Atutxa izan zen. Beti, batere salbuespenik gabe, bere lanpostu pribatuari zatxekion soldatatik bizi izan zen, sekula bere alderditik semaikorik ere kobratu barik. Paradoxa bada ere, bera izan zen molde zaharretatik berrietara zubigintza egiten lagundu zuena eta gaur egun Bizkaiko Eusko Alderdi Jeltzalearen baitan indarrean dagoen belaunaldia bideratu zuena.

Nik hiruzpalau alditan baina ez nuen aurrez aurre hitzegin Javier Atutxarekin. Eta behin, behintzat, berak eskatua. Antza, kezkatuta zegoen zenbait jelkideren ETBrekiko jarreraz eta nire iritzia artez jakiteko deitu zidan. Elkarrekin bildu izana biziki eskertu ostean, amaitze aldera adierazi zidan: “Esan deustazunez ez nebillen oso oker. Profesionaleri entzun egin behar jake eta, ahal izanezkero, jaramon egin. Orain badagoz batzuk bape ez jakin arren, alderdi barruan karguren bat daukatelako, inork baino gehiago dakitela uste dabenak”.

Gizon jatorra, zuzena, zorrotza eta benetalaria iruditu zitzaidan, profesionala. Geroztik, hainbat alderditan sekula aurretik inon ardura handirik izan gabeko gazte jendea harroxko samar sumatzen dudan bakoitzean, Javier Atutxa zenaz gogoratu izaten naiz.

Seguru asko egungo politikagintza konplexuak politikari profesionalen premia du. Baina, kobratu edo ez, benetako politikagintzak herri-zerbitzua izaten jarraitu beharko luke, ez lanposturen bat lortzeko modu erraza eta lasterra. Niri behintzat zer pentsa ematen didate bestelako esperientziarik gabe alderdien inguruan lanean hasten diren gazteek. Politikagintzara ematera joan behar da, ez hartzera. Politikan sartzen jakin egin behar da (denok egin beharko genuke pare bat urte politikan eta herri-administrazioan), baina baita ateratzen ere. Politika bidegurutzea da, ez bizi guztirako geltokia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: