Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Poesiarik gabeko ikuspegi poetikoa

Poesiarik gabeko ikuspegi poetikoa

Amatiño 2010/01/03 22:26
Eguberri giroan, mahai-inguruan, semeak SMSa jasotzen du, irakurri eta dio: “Zelako horteradak idazten dituen gero jendeak”. Alabak, ostera, “poeta frustraturen bat…”. Eta aitak, Harkaitz Canoren txalapartaren oihartzunez, “poesiabako ikuspegi poetikoa behar bada...”

Poesiak zer egin behar duen bizirauteko? (Disoluzioaren poetika. Erlea, 2009) galdetzen dio bere buruari Harkaitz Canok eta, disoluzioaren proposamena egiteaz gainera, baita erronka zehatza azaldu ere: Zineak ulertu du urtu egin behar duela eta beste zerbaitekin nahastu, desagertuko ez bada: zinerik gabeko ikuspegi zinematografikoa posible den bezala, ez ote litzateke posible poesiarik gabeko ikuspegi poetiko bat?

Nik baietz erantzungo nuke. Are gehiago, esan esango nuke, behin zinerik gabeko ikuspegi zinematografikoa gertatzen ari dela onartuz gero, onartu ere onartu beharko genukeela poesiarik gabeko ikuspegi poetikoa aspaldidanik gertatzen ari dela, zinea asmatu baino hainbat urte lehenago gainera.

Poesia zer denik ere aipatu beharrik gabe, nolabaiteko ikuspegi poetikorik izan bada bizpahiru urte baino ez dituztela gure bilobei haurtzaindegian  irakasten zaizkien haur-kantetan. Ikuspegi poetiko dezente aurkitu nuelakoan nengoen ni duela mende erdi Azkuek, Leizaolak, Lekuonak,  Barandiaranek eta abarrek argitara emandako ikerketetan.  Eta, besteak beste, ikuspegi poetikoren bat zuen  amets  orain 25 urte inguru Donostiako Errealak argitara eman zuen Atotxa, Gipuzkoaren bihotza bideoak.

Poesiarik gabeko ikuspegi poetikoren bat dute kazetaritzan erabili ohi diren elipsiek eta aliterazioek eta, urrutiegi joan gabe, Anjel Lertxundik esana da: Perpaus baten kadentziak bi silabako hitz bat eska dezake, eta ez hirukoa; perpaus baten kadentzia hots gogorren baten premian egon liteke, eta ez leun batenean. Hitzen eta esaldien musikaltasunari eta erritmoari begiratzea ez da poeten egitekoa bakarrik (Lorpenak eta desafioak. Erlea, 2009).

Bakoitzak bere erreferentziak ditu, noski, baina ni, Loiuko aireportuaren atarian BBKren ZU/TU/ZURE iragarki erraldoia estreinako ikusi nuenean,  ez nintzen zuzeu webguneaz gogoratu Harzabalen Zugan suharturik (Isturitzetik Tolosan barru. 1969) poemaz eta Joxean Arzeren  erabateko ikuspegi poetikoaz baizik.

Nere uste apalean, Harkaitz Cano okerretik ari da poesiarik gabeko ikuspegi poetikoaren erronka aldarrikatzen duenean. Birritan oker, gainera. Batetik, poesia  aspaldidanik diluitua eta disolbatua dagoelako gizartearen baitan. Eztabaidagarri izan daiteke zein neurritan, baina ez disoluzioaren ideia bera. Eta, bestetik, zinerik gabeko ikuspegi zinematografikoaren eredua ez delako, behar bada, onena.

Seguru gero posible dela –eta aski-- zinerik gabeko ikuspegi zinematografikoa baina, baldintza bakar batez: zinegile ez bazara. Aldi berean, erabat posible da –eta aski-- poesiarik gabeko ikuspegi poetikoa. Baina, baldintza bakarraz: poeta ez bazara. Eta Harkaitz, I’m sorry,  bada. Luzaro izan dadila.

         chillida-poetica-papel

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: