Plagioak baldintzak betetzen ez dituenean
Ramon Roteta (Hondarribia, 1951), 1970ko hamarkadan sortutako euskal sukaldaritza berriaren partaiderik gazteena da. Arzak, Subijana, Argiñano, Castillo, Fombellida etab. 40eko hamarkadan jaioak dira. Irizar, Patxiku Kintana eta Idiakez, berriz, 30ekoak. Roteta da, sortzaileen artean, 50eko bakarrenetakoa.
Rotetak hogeitaka urte gutxi zituen Donostiako kaialdeko Kurlinka jatetxean ezagutu genuenean. Jatetxe berrizalea, txukuna, goxoa, atsegina benetan. Baita arrakastatsua ere. Hain arrakastatsua eze, Ramonek Madrilgo “El Amparo” ospetsura egin zuela joan-etorria 1979 inguruan eta, 1981tik aurrera, erroetara itzuli ostean, 30 urte baino ez zituela Roteta jatetxea Hondarribian bertan ireki zuenean.
Azken laupabost urteotan, berriz, heldu samarra beraz, eskulturaren deia jaso bide du eta, horra lekuko, Kutxa Aretoan (Boulevard, Donostia) egunotan azaltzen ari zaigun Buru lanak deritzan erakusketa.
Inoren bilakaera
Erakusketara sartu bezain laster nabari da gero Rotetaren lanak ez zaizkigula batere berri iruditzen, aldez aurretik noizbait ikusiak baizik. Besteak beste, Gorputz enborra ez litzaiguke erabat arrotz egingo Chillidaren Zabalegi baserrian ikusiko bagenu, Andrea dantzan Basterretxearen kosmogonia sailekoa izan zitekeen eta Zazpi frontoi, berriz, oteizatarra da. Hain zuzen ere, Oteizaren eragina begien bistakoegia da Rotetaren emarian. Bai izenburuen adierazpenetan (Espazio hutsean, Huts grisa, Erdi hutsa, Hutsean…) bai Argia eta Itzala bezalako sortetan ere, eta entsegu txikien bildumak Oteizaren Debako Arte Eskola (1969) gogorarazten digu.
Nestor Basterretxeari jaramonik egingo badiogu, Rotetak ez du arte abstraktuaren baitan barne-eboluziorik ezagutu, inoren bilakaeraren amaiera beretik ekin baitio bat-batean. Rotetaren emaitza polita denik, estetikaz jantzia, ezin ukatu. Ikusgarria baino gehiago “ikus-garria” behar bada. Baina, artea al da? Alegia, seguru gero Roteta gustura sentitzen dena irudigintzan eta plazer hori ezin zaio kendu baina, desagun berriro, egiazko “buru lanak” dira ala "esku lanak" besterik ez? Chillidaren logikari jarraituz, artea al da ala artisau-lana baino ez? Non hasten da sormena eta non kopia, nolabait esateko, plagioa?
Ez, Bernardo Atxagaren ildotik ez dugu plagioa gaitzesten, nabarmentzen baino. Kazetari naizen aldetik ez dagokit neri plagiorik salatzeari ekitea, nekez baitago lanbide kopiatzaile handiagorik. Kontua da, ordea, Rotetak ez duela plagiorik sumatu ez dadin bete beharreko lau baldintzetarik bat bera ere betetzen. Hau da: gizarteak dagoeneko ahaztua duen obra klasikoa oinarritzat hartu; garaiz eta lekuz aldatu; izenak eraldatu eta, azkenik, gutxienez kazetarien ezjakintasunak eta alferkeriak ez sumatzeko besteko trukaketatxoak egin.