Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Pirelli, Play Boy, Greenpeace eta Arantzazuko egutegiak

Pirelli, Play Boy, Greenpeace eta Arantzazuko egutegiak

Amatiño 2021/02/03 12:00
Arantzazuko Andre Mariaren egutegiak 75 urte beteko ditu aurten (1947-2021). Hirurogeita hamabost urte ez dira, ez, artaleak. Ezin esan jaio nintzenean sehaskan aurkitu nuenik, baina ia-ia.

Gogoan dut noiz ikusi nuen gure etxean estreinako lehen jogurta, Coca-Cola, telefonoa edo tomate gordina entsaladan.  Arantzazuko “takoa” ostera, lehenagokoa zen; inork esan izan balit XIX. mendeko asmakizuna zenik, ez nuke zalantzan jarriko. Niretzat, Arantzazuko egutegia eta sukaldeko arbel beltza oso antzinakoak ziren, beti-betikoak.

Ez dut esan gure sukaldean bazirela bi gauza, nire lagunen etxekoetakoetan ez zeudenak: Arantzazuko Amaren egutegia eta metro erdi koadroko arbel beltza, bata zein bestea horman esekita. Inori ez nion sekula aldeko edo kontrako arrazoirik entzun, baina nik sumatzen nuen gurea ez zela "normala". Ez aipatzea hobe den horietakoa.

Egutegia, eguneroko orrialdetxoa alegia, egunero irakurtzeko zen, jakina; eta arbela, ordea, berritzat jotzen genituen berbak idazteko eta ikasteko. Egutegia aitak ekarri izaten zuen urtero Gabonetan, eta arbelaren kudeaketa amaren ardurapekoa zen.

Orduan ez nekien egutegia egitearen ideia Jose Antonio Garate frantsizkotar azkoitiarrarena izan zena eta, are gutxiago, afalostean irakurtzen genituen ipuintxo, zirikada, joko labur, gertakari eta zertzelada xume haiek, Oliten filosofia eta Arantzazun teologia ikasten ziharduten frantziskotar gazteek biltzen zituztenik. Ezin asmatu ere, ia mende erdi geroago, 1996an, Gipuzkoako Aldundiak milioi bat pezetako “Anton Abadia” saria emango zienik Arantzazuko fraideei “euskararen normalkuntzaren alde” egindako lan harengatik. Normala, gero, etxean normal-normal egindakoari "normalkuntza" deitzea!

Esan gabe doa, 75 urte geroago Arantzazuko “takoa” egiten jarraitzeko ez dela teologia eta filosofia askorik behar baina, nahiz lan xumea izan, 365 orrialdetxo ez direla ezustean edo berez-berez egiten. Izan ere, hamasei lagun izan dira aurtengoa elkarren artean prestatu dutenak eta zilegi bekigu, inoren baimenik gabe, euren izenak, esker onez, hemen adieraztea: Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Mari Arregi, Jexus Artola, Roman Azkue, Jose Antonio Azpiazu, Felix Bilbao, Amaia Diaz de Monasterioguren, Antton Egiguren, Jose Manuel Garaialde (G.B.), Pello Huizi, Juan Ignacio Larrea, Ruper Ormaza, Jose Mari Regillaga, Tomas Sarasola (G.B.), Jose Antonio Sarasola eta Pello Zabaleta.

Amaitzeko, hona Andoni Egañaren bertsoa:

“Pirelli” ez da Aita Santu bat, kalendario bat baizik…

egutegitan ezin ahaztu Play Boyrik eta Greenpeacek

guk Arantzazun beste bat dugu zaharragoa dena kasik

egunez egun sukaldeetan erantzi ohi dena pozik

orriak hosto bihurtu gabe geratzen daki biluzik.


Gerra ostean sortu ta zenbat kanbio ordutik hona!

ekonomikak kendu zituzten jarri butano-bonbona

gero formika altzarietan, lurrean sintasol ona

orain skypez bilobarekin konektatzen da amona…

Egutegi bakarra dugu lehen ta orain hor dagona

Donua: Itsasoari begira

Graziana Goienetxe
Graziana Goienetxe dio:
2021/02/04 09:33
Gure etxean, fededunak ez garenez, Argia-ren takoa jarri ohi genuen, baina azken urteetan egutegia (aldzikaria bezala) panfleto feminista-marxistoide-begano bilakatu denez, aurten Arantzazukoa zintzilikatu dugu. Hobe ateo-katolikoak izatea, gure modernoek predikatzen diguten erlijio berria irenstea baino.
Oier G
Oier G dio:
2021/02/05 11:50
Tomate gordiña ensaladan! Hara, gure inguruan topatzen doten lehelengo erreferentzixia da hau. Nere familia politiko oiartzuarrian, aitta-amagiñarrebak kontautakua da, eurak gaztetan ez zebela entsaladarik jaten. Tomatiak animalixei emoteko jatekua zala. Eta eurak, etorkiñei begira jaten ikasi zebela. Pasaira-eta, Errenterira-eta, etorrittako "mantxurrianuak" jaten zebela tomatia. https://ahotsak.eus/irun/pasarteak/irn-020-006/ Ba hara, hamen inguruko (Lea-Artibai) paziente zaharrei askotan galdetu izan detset horri buruz, eta iñok ez desta halakorik kontau. Zuenian zelan sartu zan tomatia, Amatiño, badakizu?
LuisAmatiño
LuisAmatiño dio:
2021/02/05 16:09
Nik oso garbi jaukat. 1955 inguruan-edo ekin jetsan gure aitxitxa zanak (Ziriako Mendizabal, Amatiñonekua) tomate gordina jatiari, olixuaz, gatzaz eta berakatzaz, nik iguin-arpegixaz begiratzen najuan bittartian. Ez najetsan inoiz entzun gustatzen jakolako jaten zebanik, osasungarrixa zalako baino. Berak landatzen juan tomatia etxe osteko ortuan, berak jaso eta amamak prestau.

Asko zaintzen zuan. Eukaliptus orrixak ur irakinetan (lurruna arnasteko) jartzen zittuan lotarako eta, oheratu aurretik, tximeneta gainian zeguan "ongo" moduko biziki iguingarri baten ura eran. Zoldutako pasmua kentzeko ukendua (Unguento Mendizabal) be egitten juan, eta auzokoen artian duan zabaldu. Benetan zaurixak eta xuldarrak garbitzen jittuan.

Nahiz asko zaindu, eta sekula ez erre edo ardaurik eran, 72 urteaz hil zuan.
Hil ostian amaitu zittuan gurian "onguak", eukaliptusak eta sendabelarrak, baina tomate gordina betiko geratu zuan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: