Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Piraten itzulera

Piraten itzulera

Amatiño 2009/11/06 23:45
Piratak trantsizio-garaietan suspertu ohi dira, zehaztasunik gabeko aroetan. Une honetan, esaterako, VII. mendean Mediterraneoan edo XVII.ean Atlantikoan legez. Piratak birusak edo parasitoak bezalakoak dira, onartu nahi ez duten sistemaren kontura bizi dira, beti ere merkantzien bidegurutzetatik hurbil eta erabaki politikoak hartzen diren aginte-guneetatik urruti. Lurra "itsasotzen" ari da, urtzen, eta nekez egin dakioke gero aurre jakineko lurralde zehatzik ez duen pirateriari.

Horrelakoak eta gehiago esan ditu gaur Daniel Innerarity filosofoak Bergaran, UNEDen ikasturte-hasieraren hitzaldian. Labur, sendo, zindo. Ideiak jarioka, entzulegoari amore eta atsedenik eman gabe. Bata bestearen ondoren, uholdeka.

Piraten izakera indarrean omen dago berriro ere gaur egun, gero eta gehiago. Pirateria bizitza ulertzeko jokamoldea da, inor lar astoratu beharrik gabe txitalapurra izateko modua. Txitalapurrak omen dira jakitun egon arren ingurumena erasotzen dutenak; txitalapurrak, hipermerkatuen beherapenetan atea noiz irekiko irrikaz zain daudenak edozer harrapatzeko; auzoko aurrezki kutxaren etekinak eta bermeak urri iritzita finantzabide arriskutsuak nahiago dituztenak; paradisu fiskaletara hanka egiten dutenak; politika gutxietsi eta, Berlusconiren pareko, parapolitika besterik egiten ez dutenak; inoren markak kopiatzen dituztenak eta Interneteko hackerrak direnak. Lurra "itsasotzen" ari da, lehorra urtzen.

Hain zuzen ere, ziberespazioa bide da etorri datorren mundu urtsu berriaren ispilu, non denetariko jendeak nabigatzen duen, agintaritza arautua auzitan dagoen  eta, zer gerta ere, doatasuna aldarrikatzen den. Arautegirik eza da, bai, gero eta urtsuagoa den mundu berriaren arau nagusia, erantzukizunik eza, agintaritzarik eza, eskuduntzarik eza.

Interneta da utopia horren adierazgarririk nabarmenena. Sarea bai, baina nork agintzen du? Ingurumena zaindu, baina erantzukizuna nori dagokio? Finantza berriak hobe, baina nork bermatuko ditu? Ekoizpen digitala jakina, baina eskubideak norenak ote? Definiziorik eza. Publikoa eta pribatua, kanpoa eta barrua, hurbila eta urruna, segurtasuna eta ordena, norberarena eta inorena.

Amaitu da lurralde mugatu, zehatz eta jakinekoari datxekon marku juridikoa. Tokian tokiko zuzenbideen kaltetan, zuzenbide isoformoagoaren ataritan gaude eta errealitate berriei dagozkiekeen tresnak  behar izango ditugu berandu baino lehen. Tradiziozko lurralde-burujabetzan  oinarritutako estatu-nazio mugatuarenak egin du. Eta irabazleak, inor izatekotan,  formula berriei aurre egiteko gauza izango direnak izango dira.

                             

Daniel Innerarity gaur, Bergarako Udaletxean

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: