Pilotoa nagusi
Adorea behar da gero, lurrartu aurreko azken segunduan, 60 tonako Airbusaren goiari eutsi eta bat-bateko haize zurrunbilotik ihes egiteko. Baina, jakina, pilotoak ondotxo zekien berak besterik ezin zuela erabaki. Une hartantxe ez zegokiola Iberiaren Administrazio Kontseiluari iritzia eskatzerik, ez zuzendari nagusiari galdetzerik, ez Loiuko kontrol-torreari jaramon egiterik, ez sindikatuak zer esango zain egoterik.
Ez da huskeria. Izugarri garrantzitsua da une oro jakitea nori dagokion erabakitzea. Edozein gizartek, ganoraz funtzionatuko badu, argi eta garbi jakin behar du noiz eta zertaz nork erabaki behar duen. Hain zuzen ere, zenbaitek besterik uste arren, demokrazia ez da guztia denon artean erabakitzea proposatzen duen sistema, nork zer erabaki behar duen aldez aurretik denon artean adosten duena baino.
Gai batzuk denon artean erabaki beharra dago, beste hainbat gauza denon artean hautatutako ordezkarien artean eta beste zenbait, berriz, denon artean hautatutako ordezkariek euren artean aukeratzen dituzten arduradunen artean besterik ez.
Eta hau ez da honela bart gauean --auskalo nori komeni izan zaiolako-- asmatutako jardunbidea, edozenbat mendetako zibilizazioaren ondorena baino. Aldagarri dela? Jakina, baina denon artean.
Deia, 2008.01.21