Pilotaren historian egindako iruzurrik handienetakoa
Azkoitiar txapeldunak 44 urte zituen eta eibartarrak, berriz, 30, elkarrekin Bergarako pilotalekuan topo egin zutenean, nork irabaziko, eskuz eskuko pilota-txapelketaren finalean. Baina, besterik iruditu arren, elkarren berri askotxo zekiten, ez baitzen alferrik hura elkarren aurka jokatu beharreko laugarren partida.
Aurrena Eibarko Astelena frontoian izan zen, 1942ko otsailean, eta eibartarrak irabazi zuen, 22-6; bigarrena (22-10), pilotaleku berean, hiru hilabete geroago. Eta hirugarrena (22-13), erronkarik erronka, 1945eko ekainean, Tolosako Beotibarren. Horretara, 1948an Bergarako finalean elkarrekin topo egin zutenerako, Asolaigartzako mutila hiru eta huts zihoakion aurretik Kontsejupeko maisuari. Alegia, ezin ba inor ezustean harrapatu, ezin behintzat ustebakorik aitzakiatzat aipatu. Ezin ba inor lar asaldatu.
Bai, Basarrik bertsotan esan bezala, Atano III.ak 44 urte zituen 1948an eta Gallastegik, 30. Baina inork ez du antza gogoratu nahi, zaharrak 38 urte zituela 1942an eta gazteak, 24, lehen aldiz elkarren aurka jokatu zutenean.
Atano III.ak eta Gallastegik lau bider jokatu zuten buruz buru, eta lauetan eibartarrak irabazi. Lauetarik bat baino ez gogoratu izana da, behar bada, Atanoren mesedetan eta Gallastegiren kaltetan, euskal pilotaren historian egin den iruzurrik handienetakoa.
ATANO III. BERE EDESTIA BERTSOTAN. I. de Eizmendi "Basarri". Editorial Icharopena. Zarauz, 1949
Atano III. eta Gallastegi, 1942an, dotore asko, zapi eta guzti paparreko sakelean