Pili Zabalaren arrazoiak
Pili Zabalak kontuak ematera atera behar izan du, makinatxo batek kontuak eskatu dizkiolako sarean. Argibide gisa emandako erantzunaren arabera, trafiko-istripu baten ondorioz jasotako kalte-ordainketaz erosi zuen zorioneko etxea, bere “seme-alabak eta ama, elkarrekin, natura-ingurunean, harmoniaz eta maitasunez bizi daitezen”.
Batere zalantzarik gabe, Pili Zabalak nahi duenak egiteko eskubidea du eta ez natzaio ni kontuak eskatzen hasiko, baina, haren aberastasunak baino, azaldutako adierazpenak dira niri zer pentsa gehiago eman didatenak.
Lehen eta behingoz, gogora datorkit euskal gizarteak zein estu-mestu hartu zuen Eduardo Madina sozialista, ETAren erasoaren ondorioz (2002an, 26 urte zituela, lehergailua jarri zioten auto azpian eta zango bat galdu zuen) eskuratutako kalte-ordaina aitortu zuenean. Hainbati entzunez gero, balirudike auto-istripuz jasotako indemnizazioa ETAren erasoarengatik hartutakoa baino duinagoa dela. Niri ez zait jarrera ezberdin hori batere justua iruditzen.
Batere aproposa iruditzen ez zaidan bezala, Pili Zabalak lerro artean aditzera eman nahi izan duen nolabaiteko mezu ezkutua. Alegia, ez gero gaizki pentsatu: nik diru hori istripuz jaso nuen, nahiezta; ez nuen lapurtu, ezta nire lan-onuraz edo inbertsio-etekinez lortu ere. Ez dut, beraz, zertaz lotsatu.
Pili Zabalak, azalpenak ematerako orduan, bere “ondarea” aipatu du. Ez dut nik uste hori denik jende arruntaren terminologia. Herritar normalak –asko jota-- etxea, autoa eta dirua izaten du, baina ez ondarea. Makinatxo bat “aberats” ezagutzen dut nik nire inguruan Pili Zabalak baino ondare dezente apalagoa duenik.
Ez diot nik Piliri esango zer egin behar duen bere diruaz baina, ideologiak ezertarako balio baldin badu, ez nuke nik sekula pentsatuko Podemosko inork milioi bat euro besteko etxea behar izango zukeenik bere "seme-alabak eta ama, elkarrekin, natura-ingurunean, harmoniaz eta maitasunez bizi daitezen”. Gutxitxoagorekin ere ez al dago harmoniaz eta maitasunez bizi izaterik?
Eta amaitzeko, galdera pare bat egite aldera baino ez: Herri honetako aurrerakoiei, iraultzaileei, solidarioei eta superguaiei zergatik ez zaie sekula otutzen euren diruaz enpresatxoren bat edo beste jartzea eta lanpostuak sortzea? Zergatik bere burua ezkertiartzat duen jendeak uste du lanpostuak sortzearen funtzioa eskuindarrena baino ez dela? Zergatik eskuinak "ekonomia erreala" lehenetsi behar du eta ezkerrari zilegi zaio adreilutan inbertitzea?
Madina aipatzen duzunez, informazio dexentetan agertu izan da nola bera den Kongresuko diputatu sozialisten artean aberatsenetakoa, baina kasu horretan, duda gutxi dago haren diruaren jatorriaz (eta nik ere ez dut zalantzan jarriko, inondik ere). Hala ere, lagun bati (J.A. del Moral) irakurri nion behin, Madina dela-eta, zure azkenengo puntuko kritika bera: <a href="http://www.europapress.es/nacional/noticia-madina-posee-patrimonio-casi-dos-millones-euros-dos-viviendas-hipoteca-madrid-vizcaya-20110908182611.html">Madinaren diruak ere, etxe, akzio "aspergarri" eta fondo finantzieroetan daude</a>: gazteen ekintzailetza eta abarrak politikari guztien ahotan, baina gero, norberaren bizibidea hobe <i>rentista segurola</i> zahar baten ildotik ziurtatzea.