Pilar Zubiaurre, aitzindaria
Eusko Pizkundea gogoan duenak izango du Valentin eta Ramon anaien pinturaren berri, baina, seguru asko, nekez ezer jakingo, arrebaz. Hala ere, Pilar izan zen 27ko belaunaldiko intelektualak hurbilen ezagutu zituen euskal emakumea.
Hiru neba-arrebetatik gazteena, Pilarrek lau urte zituen bere aitak musika-maisu lanpostua Madrilen lortu eta alde egin behar izan zuenean familiarekin. Behin Madrilen, Garaiko neskatilak gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ikasi zuen, baita pianoa jotzen ere, eta arte- nahiz literatura-giroan murgildu.
Valentin eta Ramon pintore anaiak gormutuak zirenez jaiotzez, arreba arduratu zen neben ordezkaritzaz, euren martxantea izan zen eta, eurekin batera, XX. mende-hasieran Madrilen bildu ziren idazle eta intelektualak bertatik bertara ezagutu: Juan Ramón Jiménez, Pedro Salinas, Pérez Galdós, Ortega y Gasset, Alberti, Falla, García Lorca eta beste hainbat tarteko.
Pilar izan zen 1926an Madrilen sortutako Lyceum Club Femenino elkartearen eragileetakoa, Ernestina Champourcin, Alfonsina Storni, Zenobia Camproubi, Carmen Baroja, Victoria Kent eta beste hainbat feminista aitzindarirekin batera. Sortzaile eta eragile ez ezik, literatura sailaren zuzendaria ere Pilar bera izan zen.
Udaro, Zubiaurretarrok Garaira etorri izaten ziren eta bilobek oraindik ere gogoan dutenez, Landabarrena jaiotetxeko ezkaratzean Anbotoko Mariren ipuin majikoak euskaraz kontatzen zizkien amamak, Mugarra, Untzillaitz, Alluitz eta Aitz-txiki gailurrak aurrez aurre zituztela.
Pilar ezkondu zen Ricardo Gutiérrez bilbotarrarekin, sasoi hartako arte-kritikaririk ospetsuena eta Madrilgo Arte Moderno Museoaren zuzendaria. Francoren altxamenduarekin batera, ihesi joan behar izan zuten Mexikora, non Pilar diasporako euskaldunak elkartzen ahalegindu zen eta “Bizkaitarra” zein “Euzko Deya” aldizkarietan idatzi.
Pilar 1970an hil zen, Euskal Herriratzeko asmotan ziharduela. Haren gorpua Garaiko hilerrian datza ehortzia, burua Anbotora begira, berak nahi eta eskatu bezala.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria