Piano, piano, si va lontano
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Artur Mas presidenta elkarrekin bildu ziren, azkenengo bider, abenduaren 26an, Camp Nou zelaiko palkoan, Euskadiren eta Kataluniaren arteko futbol-partida zela-eta. Bederatzi hilabete geroago, bizkaitarrak hauteskundeak erraz samar irabazi ditu eta euskal alderdirik nagusienaren buruzagi izaten jarraitzen du. Bartzelonarrak, aldiz, dena alferrik galdu du bidean: alderdia eta lehendakaritza.
Hala ere, zenbaiti entzunez gero, badirudi Artur Masek asmatu egin duela eta Iñigo Urkulluk, ez. Herritarrok bat datozela Masekin eta ez, ostera, Urkullurekin. Masen bidea ona dela Kataluniarentzat eta Urkullurena, aldiz, txarra Euskal Herriarentzat. Are gehiago, Masek eskuzabal jokatu duela Herriaren onetan eta Urkulluk bere alderdiaren mesedetan baino ez. Zer gerta ere... ez omen da ikusi nahi ez duena baino itsu larriagorik.
Segurutik arrazoi du Joseba Egibarrek “piano, piano, si va lontano” leloa gogoratu berri duenean. Funtsean, hori baino ez zuen gogoan izan Eusko Alderdi Jeltzaleak, 1977an, Iruñeko Batzar Nagusian “Batasuna eta Indarra” plazaratu zuenean. Geroztik, “ETA, Herria zurekin” oihukatzen zutenek berrogei urte behar izan dute “denon arteko herri partekatua” aldarrikatzeko.
Denbora aholkulari ona omen da. Ezker abertzaleak berrogei urte behar izan ditu “piano, piano si va lontano” delakoaz jabetzeko eta Joseba Egibarrek hamar baino ez. Baina, tira, hobe omen da berandu sekula baino.