Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Photoshop analogikoa

Photoshop analogikoa

Amatiño 2016/04/19 19:35
Photoshopak, photoshop digitalak alegia, hogeiren bat urte baino ez ditu. Hala ere, irudia irudi denetik behintzat, betidanik egon izan da jatorrizko itxura aldatzeko grina eta joera. Digitalaren ekarpenik handiena ez da edozer aldatzeko eskaintzen duen sekulako ahalmena, behin aldatuz gero berriro lehengora itzultzeko aukera paregabea baizik. Aldaketa digitala kendu-ipinikoa da, joan-etorrikoa. Analogikoa, ostera, joanekoa baino ez. Ez du bueltarik.

Nahi adina dira irudigintzaren historian zehar egin diren manipulazioak. Euskal Herritik atera beharrik gabe, hona bi nabarmenak. Bata, Francok eta Hitlerrek 1940an, Hendaian, elkarrekin izan zuten bilerari dagokio. Alegia, bilera hartako argazkirik ezagunenetakoa ez da erabat benetakoa. Edo beste modu batez esanda, Hitlerren aldamenean harro asko doan Franco ez zen sekula Hendaian egon. Franco bai, jakina, une horretako irudia ez, ordea.

Nonbait zentsuratzaile ofizialek ez zuten gustuko ikusi benetako argazkian Francok ematen zuen irudia eta “hobetzea” erabaki zuten. Zatika edo parteka hobetzen hasi eta, azkenik, behin hasiez gero, hobetu beharraren beharrez, Hendaiako Francoren irudi osoa kendu, artxiboko beste argazki bat hartu eta ebaki, gainean ezarri eta kitto. Voilá… horra primerako buruzagi irripartsua!

 FrancoHendaianbikoitza

Ezkerreko argazkia, benetakoa. Begiak itxita eta eskuin eskua luze, urduri-edo. Eskuineko argazkian, berriz, , konpondu ostean, irripartsu eta eskua lasaiantza

HitlerFranco2

Baina, behin hobetzen hasiez gero... Beste egun bateko argazkia hartu, moztu eta gainean ezarri. Aldaketaren froga Juan Eslava Galán idazleak adierazten du ("La Segunda Guerra Mundial contada para escépticos", 2015). Nonbait, goiko argazkietan Francok daraman paparreko domina alemana da (Hitlerren aurrean ondo geratzeko apropos jantzia), eta behekoan, aldiz, domina espainarra, Hendaiako bilerara eraman ez zuena.

Eta Francoz dihardugunez, argazki-aldaketa baino, bete-beteko kolore aldaketa egin zioten haren jarraitzaile sutsuek Simon Arrietak margotutako ikurrinari. Errekete nafarrak, Antzuolan sartu zirenean 1936ko abuztuaren 25ean, EAJren batzokiaz jabetu ziren eta, aitaren batean, euskal ikurrina bandera española bilakatu. Baita abertzaletzat jotzen zen txapel beltza gorritu ere, karlistenenaren antzera.

Española

Erreketeek egindako 'orrazketaren' ondotik  honela geratu zen Simon Arrietaren koadroa

Geroztik, koadroak hainbat hamarkadatan iraun zuen  ezkutuan eta, 2005an, Antzuolako jeltzaleek Sabino Arana Fundazioari oparitu zioten, eraberritu eta gorde zezan.

Ikurrina

Simon Arrietaren koadroa, gaur egun, jatorrizko itxuran

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: