Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Petronor, 50 eta gehiago

Petronor, 50 eta gehiago

Amatiño 2018/10/09 12:00
Gaur jaioko diren euskal haurrak ere, hogeitaka urte barru Europara aterako direnean Erasmus-edo egitera, gasolinadun hegazkinetan joango dira. Izan ere, euskal ekonomiaren erronka ez da hogei urte barruko euskal hegaldiek gasolinarik behar izango duten ala ez. Hau garbi dago, baietz. Arazoa da, behar izango duten gasolina hori… Petronorrek jarraituko ote duen egiten… ala ez.

Berrogeita hamar urte dira Petronor sortu zela. Ez dira Euskal Herrian asko, 50 urte dituzten enpresak eta, are gutxiago, era batez zein bestez, inguruko sei mila lagunentzako besteko lana eragiten dutenak.

Oro har, Euskal Herrian ez ditugu enpresa handiak askorik maite. Nahiz eurak lanposturik gehien sortarazi, soldatarik altuenak ordaindu eta inguruko merkatuari gehien erosi. Esaterako, Petronorrek, hilero, 10 milioi euroko erosketak egiten dizkie euskal enpresei.

Petronor, enpresa bizkaitarra baino zerbait gehiago da. Petronorren jarduerak 750 milioi euro ematen dizkio urtero, zergatan, Bizkaiko Foru Aldundiari; baina kopuru horren %70 Eusko Jaurkaritzari luzatzen zaio; hau da: 525 milioi euro, urtero.

Jaurlaritzaren aurrekontuen ia hiru laurden “gastu sozialtzat” jotzen denez, honek esan nahi du Petronorrek bi milioi euro jartzen dituela egunero, astelehenetik ostiralera, euskal hiritarron Osakidetza, Hezkuntza, gutxieneko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak eta antzerako gastu publikoak ordaindu ahal izateko.

Zenbaitek besterik uste izan arren, azken urteotan etxeko lanak ondoen egin dituen sektorea industria da. Europar ingurumenak gaur egun pendiente duen asignatura mugikortasuna da, ez industria.

Europako punturik beltzenak ez daude polígono industrialetan, trafikoz jositako hiriburuetan baino. Europako makinarik kutsakorrenak ez dira industriak, autoak eta hegazkinak baizik.

Ez dezagun gero geure burua engainatu. Zikinena ez da gasolina egitea. Kutsakorrena da, gasolina erretzea. Eta gasolina-erretze hori ez dute industriek egiten, gizabanakoek baizik. Guk geuk. Zuk eta biok. Eskolara, lanera, futbolera, mendira edo hondartzara joateko autoa hartzen dugunok. Edo, hegazkina, oporretan joateko. Noaindik, Hondarribitik, Forondatik eta Loiutik zeruratzen diren hegazkinek Petronorrek egindako gasolina daramate soinean.

Gaur jaioko diren euskal haurrak ere, hogeitaka urte barru Europara aterako direnean Erasmus-edo egitera, gasolinadun hegazkinetan joango dira. Izan ere, euskal ekonomiaren erronka ez da hogei urte barruko euskal hegaldiek gasolinarik behar izango duten ala ez. Hau garbi dago, baietz. Arazoa da, behar izango duten gasolina hori… Petronorrek jarraituko ote duen egiten ala ez…

EUSKADI IRRATIA – Albiste Faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: