Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Petrolioaren salneurriaren gorabeherak

Petrolioaren salneurriaren gorabeherak

Amatiño 2011/02/09 14:00
Ezer gutxi merketzen da egungo merkatuan baina, hala ere, nabarmen samarra da zein gorabehera handiak egiten dituen petrolioak. Zergatik ote? Erantzuna ez da bat bakarra, denetariko arrazoiak dira: eskasia, eskabidearen hazkuntza, geoestrategia, nazioarteko tentsioak, espekulazioa, gainerako energiekiko lehiakortasuna...

Lehen eta behingoz, petrolio-erreserbak mugatuak dira eta eskabidea, aldiz, gero eta handiagoa. Gizakiak ez du aspaldion batez besteko petrolio-kontsumoa gehitu (2,1 litro biztanleko eta eguneko), baina munduko biztanlegoa bikoiztu egin da azken berrogei urteotan. Zer esanik ez, zenbat eta eskaintza murritzagoa eta eskabidea handiagoa izan, edozein produktuk garestitzeko joera du eta petrolioa ez da, jakina, salbuespen. 

Egia da, bai, mendebaldeko gizarte aberats eta aurreratuetan, ingurumen-kezka areagotu den heinean, energia-kontsumoa murriztu nahia eta eraginkortasuna gehitu beharra gero eta sakonagoak direla. Baina hau guztia egia izanik, egia ere bada Brasil, India edo Txina bezalako herrialde garauak (guztira 2.700 milioi biztanle) ikaragarri hazten ari direla, eta gero eta petrolio gehiago kontsumitu. Hala ere, oraindik, europarrok txinatarrek baino sei bider gehiago kontsumitzen dugu biztanleko eta estatuarrek hamabi bider gehiago.

Jakinekoa da, bestalde,  zein “txarto” sakabanaturik dauden petrolio-erreserbak munduan zehar. Hau da, petroliorik gehien kontsumitzen duten herrialdeek ia ez dute petroliorik eta, erreserbarik handienak, berriz, kontsumo gutxi dutenetan aurkitzen dira.

Gainera, erreserbarik handienak dituzten herrialdeak ez dira beti –mendebaldearen ikuspegitik behintzat— demokratikoenak, seguruenak eta egonkorrenak, eta honek guztiak nazioarteko zenbait tentsio eta eragozpen sortarazten du.

Baina, jakina, dena ez da geoestrategia hutsa. Petrolioaren merkatua izugarri handia da (32.000  milioi upel urteko), gurari galantak mugitzen dira, eta zenbait interes handi-mandiren espekulaziorik ere ez da falta.

Azkenik, petrolioa eta gainerako energia-moten arteko orekak ere etenik gabe dihardu dantzan. Izan ere, petrolioa garestitu egin daiteke, merkatuan salgai dauden bestelako energia-iturriak garestiagoak diren artean. Baina petrolioaren kotizazioa beste alternatibak baino garestiago izatera iristen den une berean, prezioak nahitaez jaisteari ekin behar izaten dio berriro, lehiakor izaten jarraitu ahal izateko.

Gaur egun ezagunak diren erreserben eta teknologien arabera, petrolioak beste berrogeitaka urte iraun omen dezake. Hala ere, bada petrolioa sekula agortuko ez dela uste duenik. Yamani jekeak aspalditxo esan zuenez  “Harri Aroa ez zen amaitu harriak amaitu zirelako, eta petrolio aroa ez da bukatuko petrolioa amaituko delako”. Batere zalantzarik gabe petrolio-erreserbak ahitu aurretik aterako da petrolioa merkatu-plazatik, tekonologia berriei esker energia-iturri eta mota hobeak, garbiagoak eta merkeagoak lortuko baitira berandu baino lehen.

 Oilword

Mapamundi bitxi samarra, non herrialdeen neurria euren petrolio-erreserben arabera agertzen den. Ezkerraldean Amerika, Venezuela handikotea tarteko; eskuin muturrean  Errusia, azpian Txina eta Australia, txiki-txikiak; eta erdian herrialde arabiar galant-galantak. Europako Batasuna sumatzeko,  berriz, lupa behar.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: