Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Petrolioak 1989an amaitu behar omen zuen

Petrolioak 1989an amaitu behar omen zuen

Amatiño 2009/11/10 16:48
Petrolio-erreserbek 1989an amaitu behar zuten. Holaxe aurreratu zuen Salvat entziklopediak 1964an. Gaur egun badakigu ez zirena amaitu. Baina horrek ez du esangura argitaletxea tronpatu zenik edota arrazoirik ez zuenik. Horrek esangura duen bakarra zera da, 1964eko datuen, teknologien eta petrolioaren merkatu-prezioen arabera, orduko erreserbak 25 urterako baino ez zirela. Kontua da, ordea, petrolio-erreserbak dinamikoak direla.

Nere ama zenaren liburu bitxien artean bada hamar aletako sorta ederra, Enciclopedia Salvat de las Ciencias Modernas (Bartzelona, 1964) izenburupekoa. Eta hamargarrenean, Geopolítica de la Energía delakoan,  honako hau dio hitzez hitz: “Las reservas de petróleo conocidas sólo podrán asegurar la producción al ritmo actual durante 25 años”.

Bistan da petrolioa ez zela orain hogei urte amaitu. Eta ez erritmoa baretu zelako. Horrez gainera, gaur egungo datuen arabera badakigu munduko petrolio-erreserbek beste 45 urte iraun dezaketela. Hala ere, 2054 urtean inork ez gaitzan gezurtitzat jo, argitu dezagun zehatz mehatz datu honek zer esan nahi duen. Alegia: oraingo zenbait kontsumok, salneurrik eta teknologiak 45 urtez aldaketarik gabe iraungo balute, 2054an petrolioa ahituko litzateke. Baina inork ez du uste hurrengo mende erdian batere aldaketarik izango ez denik kontsumoan, prezioa nahiz teknologian.

Erreserbak kontsumoaren arabera gehitu edo gutxitu egin daitezkeela edonork ulertzen du. Petrolio-erreserbak finkoak balira, zenbat eta gehiago kontsumitu lehenago agortu eta, zenbat eta gutxiago kontsumitu, gehiago iraun. Baina erreserbak ez dira estatikoak, dinamikoak baizik.

Salneurria, berriz, egunero ari da aldatzen. Petrolioa merketzen den neurrian lehiakorrago bihurtzen da beste zenbait energia-motaren aurrean eta, era berean,  garestitzen baldin bada lehiakortasuna galdu dezake  eta merkatuak beste alternatibaren bati ekin.

Hala ere, petrolioa merketzen baldin bada negozioak ez du inbertsio handiak egiteko bezainbat marjinarik, ezta teknologia berririk asmatzeko ere. Eta alderantziz,  petrolioa garestitzen bada, I+G gastua gehitzeko aukera ematen du eta oraingo teknologiaz ustiatzerik ez dauden potzuak (sakonegi daudelako edo petrolio astunegia delako)  ustiatu ahal izango lirateke teknologia berriaz.

Kanadako bitumen-hareak

Esaterako, badira Kanadan bitumen-hareak, petrolio gordina ateratzeko balio lezaketenak gasolina garestiago salduko balitz eta, hartara, beharrezko teknologia finantziatzeko inbertsiorik balego. Izan ere, bitumen-harea horien harrobiak  kontuan hartuz gero, Kanada litzateke Saudi Arabiaren ondoren munduko petrolio-ekoizlerik handiena.

Petrolioa ez da beti likido beltz arin samarra, Gigante (Rock Hudson eta Elizabeth Taylor, 1956) filman James Deanek hankapetik ateratzen zuen bezalakoa. Hitler-ek, esaterako, Rhin arroko ikaztegietatik atera ahal izan zuen petrolioa bigarren Mundu Gerran, orain dela 60 urte. Kostu izugarri garestietan? Bai, baina ez zuen merkatuan lehiakor saltzeko nahi, gerran hil ala bizi jarraitzeko baino. Gerra-ekonomiak ez du merkatu-ekonomiarako balio,  baina petrolioa atera... atera baita ikatzetik  ere.

 

James Dean, petrolio bila Texasen, 1930eko hamarkadaren hasieran

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: