Pello Errotaren emaria, baliotan jarria
Gabriel Arestik esan omen zuen Pello Errotaren (1840-1919) bizitza zela sekula bere eskuetan izandako euskal “nobelarik” onena. Auskalo noiz esan ote zuen, garai hartakoak baitira euskal literaturaren hainbat nobela mitiko, alegia: Joanak joan (1955), Hamabost egun Urgainen (1955), Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Haur besoetakoa (1959), Neronek tirako nizkin (1964), Elsa Scheelen (1969), Egunero hasten delako (1969) eta beste. Dena den, seguru gero Arestik ez zuela helburu euskal nobelen sailkapenik egitea, inork literaturatzat jotzen ez zuen idazlana baliotan jartzea baino.
Batek daki non ote dagoen literatura jantziaren eta ahozko literaturaren arteko mugarria, baina garbi dago 1950 eta 1960 hamarkadetan zehar etena izan zela aurrekoen eta gerokoen herri-pentsamoldeen artean. Eta ez Euskal Herrian soilik, baita Europa guztian barrena ere, 1965 urtean Hasselby-Stockholmen bildutako etnologia-kongresuak adierazi eta han-hemenkako herri-atlasak egin beharra proposatu zuenez, gurean, Jose Migel Barandiaranen eta Julio Caro Barojaren ekimenak kasu (Anuario de Eusko Folklore, 1962).
Ez da adin edo belaunaldi-kontua soilik. Baita nolabaiteko oinordekotzaren lekukotasuna ere. Esaterako, nik neuk hurbil samarretik ezagutzeko abagunea izan dudanez, Pello Esnal, ni baino bost urte gazteagoa izan arren, nik ez daukadan iturri jator horren jabe da, 1970eko hamarkadan maisu izan genuen Mikel Atxaga zenak zuen bezalaxe, geroztik etorri ginen kazetariok izan ez genuena eta ez duguna: aurrekoen euskal sen berezia.
Baina gatozen berriro Pello Errotaren bizitzara. Haren alabaren (Mikela Elizegi, 1869-1967) kontakizunari darizkion hainbat pasartek “errealismo magikotik” asko du (Bernardo Atxagak, behar bada, marka hau gustukoegi ez duen arren), eta aita Zavalak magnetofonoz jasotakoa ez da segurutik nobela petoa baina bai, zer gerta ere, inoiz gehiago itzuliko ez den euskal errealitate jakineko baten ziurtagiria.
Pello Errota, 1915 urtean, bere etxeko atarian. Argazkia Indalezio Ojanguren eibartarrak atera zuen eta, ondotik, asteasuarrak bertsoa bota zion, "Kajoitxuk", tamalez, gorde ez zuena.
Auspoa Liburutegiaren 32. alea (1963). 25 pezeta (0,15 €)