Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Peiokeria

Peiokeria

Amatiño 2016/11/22 20:05
Gero eta “Peio” gehiago dihardut sumatzen, mutikoen artean. Nire gaztaroan, denak, batere salbuespenik gabe, “Pello” ziren. Orain, berriz, “Peio” ari da nagusitzen-edo. Okerreko joera, nonbait. Zuzenegia ez, behintzat.

Deun-ixendegi euzkotarra” (Bilbo, 1910) deritzan liburuxkan Sabino Aranak honela arrazoitzen du Kepa izen-proposamenaren alde eta, oro har, Euskal Herri guztirako era bakarraren defentsan: “Adi-bidez, Gipuzkoa’ko Beterriyan erabili izan da Pello; Bizkaya’n, ostera, Peru; Naparroa’n, berriz, Piero; Laburdi’n, Piarres, ta edonun, Pedro. ¡Auxe da, Euzkerarentzat, gauza egokiya! Ta onek gauzok iraun-erazo bear dirala esango digute! Ostera, Kepa izena zabaltzen ba da, guk nai degun bezela, euzkeldun oroentzat era bakardun izena izango da”.

Horretara, Pello, Peru, Piero, Piarres, Pedro… Bistan da, 'gehiegikeria' hura salatzeko, izan zitezkeen modu guztiak biltzea komeni zitzaiola Sabino Aranari eta, beraz, Peio erarik aipatu ez bazuen, pentsatzekoa da horrelakorik ez zela orduan inon ezagun.

Mende erdi geroago, nik gogoan dudan lehen Peio, Peio Ospital lapurtarra izan zen. Pantxoarekin batera, 1970eko hamarkadan, “Lepoan hartu eta segi aurrera”, “Itziarren semea”, “Urtxintxa” eta horrelakoak kantatzeari ekin ziona. Ez genuen batere ulertzen zergatik zeritzan Peio eta ez Pello, baina “frantsesa” zenez gero, ele bikoitza ahoskatzeko gauza izango ez zelakoan-edo… Nahiz Iparraldean Pellot (Pellotxo?) noizbait erabilia izan.

Euskaltzaindiaren autoritasi jaramonik egingo badiogu, haren Onomastikan Kepa, Peru, Pello, Petri, Petiri eta Betiri agertzen dira, baina baita zehaztu ere ”Honen aldaera ezagunena Iparraldean erabiltzen den Peio dugu. Hegoaldean ere zabaldu da azken urteotan, 'yeismo'-aren ondorioz.”

Esan beharrik ez, Hegoaldeko helduen artean behintzat, erabat nagusi dela Pello. Horra: Pello Mari Otaño (bertsolaria) Pello Salaburu (euskaltzaina), Pello Zabala (frantziskotarra), Pello Sarasola (ETB), Pello Esnal (idazle eta irakaslea), Pello Gibelalde (enpresaria), Pello Urizar (politikoa), etab. Zer esanik ez, jakina, Pello Joxepe eta Pello Kirten  ospetsuak. Peio dira, aldiz, aipatuko ez ditudan hiruzpalau ezagun samar, txirrindulari bat, kazetari pare bat eta arte-kritikoren bat edo beste. Askorik ez, egia esan, helduen artean., behintzat.

Nabarmen gehiago, ostera, mutikoen artean. Badirudi nolabaiteko joera indartzen ari dela, Hegoaldean ere, Peio aldaeraren alde. Auskalo zergatik. Daitekeena, besterik gabe, ezjakintasun soila izatea, Euskaltzaindiak salatutako “yeísmoa”, nolabaiteko esnobismoa edo, behar bada, gizarte-sareen eragina baino ez. Izan ere, guraso gazteek jaioberrien izenak aukeratzeko online aurkitu ditzaketen zerrendetan, errazagoa da Peio aurkitzea, Pello baino. Hortik aurrera, gero gerokoak.

 Ixendegia

Imprenta y Encuad. Bilbao Marítimo y Comercial. 1910

Kepa zara zu

Norbaitek galdetu dezake: eta zer dela-eta egin zuen Sabino Aranak Kepa aldaeraren aldeko hautua? Edo, hobeto esan, non arraio aurkitu zuen? Ba, oso erraza. Esanak esan, Jesukristok ez ziolako sekula Simon apostoluari bota, latinez: “Pello (Petrus) zara zu, eta harri horren gainean eraikiko dut nik neure eliza”. Beste honela baino, arameoz: Kepa (Cephas) zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza”.

Izan ere, Jesukristok, jainkoa izan arren, ez zekien garai hartan latinez, arameoz baizik. Latina gero ikasi zuen, nonbait, zerura igo eta elizarekin topo egin zuenean.

Serafin
Serafin dio:
2016/11/24 14:45
"Jesukristok...latina gero ikasi zuen, zerura igo eta elizarekin topo egin zuenean" Umoreko habil Amatiño.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: