Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Pedro Sánchezen beste txapela

Pedro Sánchezen beste txapela

Amatiño 2019/03/12 09:00
Hainbat hamarkadatan, Euskadiko Alderdi Sozialistak hartu izan du bere gain kanpotik etorritako langileen bandera, tartean konturatzeke, haien seme-alabek ez dutela bertakoak ez direnik sekula pentsatu eta, ondorioz, gaur eguneko sozialismoak, euskara-kontuetan behintzat, etorkizun gehiago izan dezakeela Eibarko jatorrizko ereduarekin, noizbaiteko Barakaldokoarekin baino.

Pedro Sánchezek bisitatu du Euskaltzaindia eta euskararekiko atxikimendua azaldu. Hedabide guztiek nabarmendu dute ekitaldia eta Espainiako presidente batek inoiz egindako aurreneko bisita azpimarratu.

Nekez ukatu dakioke garrantzirik Espainiako gobernuburuak egindako bisitari baina, aukeran, niri garrantzitsuagoa iruditu zait Pedro Sánchez, Espainiako presidentea baino, Alderdi Sozialistaren Idazkari Nagusia izatea.

Segurutik, Estatu mailan, itxurazkoena da gobernu-presidentea Euskaltzaindiaren egoitzan agertzea, baina nago, euskal ikuspegitik,  eraginkorragoa dela Pedro Sánchezek, PSOEren Idazkari Nagusi modura, daraman txapela.

Gauzak ikaragarri aldatu dira orain 43 urte Felipe González espainiar sozialisten Idazkari Nagusia Euskadira etorri, Bilbon “Gora Euskadi askatuta” oihukatu, Eibarren gerra osteko lehen mitina eskaini eta, prentsaurrekoan, Mikel Atxaga kazetariak euskaraz egindako galderari erantzun behar izan zionetik.

Giro hartan, nahiz sozialisten lehen mitina Eibarren izan, Nicolás Redondo UGTeko sindikalista barakaldarrak zera esan zidan hitzez hitz: “La Margen Izquierda es el futuro de Euskadi”.

Hurrengo berrogei urteotan Euskadiko Alderdi Sozialistak bi arima horiek izan ditu kinkan. Batetik, nik ume-umetatik Eibarren ezagutu izan nuen sozialismo euskalduna eta, bestetik, etorkinek Bizkaiko Ezkerraldean ereindako erdalduna.

Hainbat hamarkadatan, Euskadiko Alderdi Sozialistak hartu izan du bere gain kanpotik etorritako langileen bandera, tartean konturatzeke, haien seme-alabek ez dutela bertakoak ez direnik sekula pentsatu eta, ondorioz, gaur eguneko sozialismoak etorkizun gehiago izan dezakeela Eibarko jatorrizko ereduarekin, noizbaiteko Barakaldokoarekin baino.

Zentzu honetan, PSOEren Idazkari Nagusiaren txapelak bete-betean asmatu du Euskaltzaindira hurreratzen.

EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: