Pedro Aierbe, euskarazko kardiologiaren aita
1940 eta 1950eko hamarkadetako hainbat familiatan izan zen beldur, ezulertze, ezjakin edo ardurarik ezaz, ez zuen euskaraz ikasterik izan. Baina, 19 urterekin ekin zion bere kasa, Zaragozako Medikuntza Fakultatean. Lehenik Umandiren gramatika latz eta astunaz, eta gero Patxi Altunaren “Euskera, hire laguna” metodoaz.
Ez zuen, antza, ez denborarik galdu, ez kemenik falta izan, mediku-ikasketak amaitu osteko tesi doktorala euskara hutsean aurkeztu baitzuen: Elektrokardiografiazko esfortzu-probaren eta 201 Tlarekiko esfortzuko miokardio-grammagrafiaren bidez sintomarik gabe eta sintoma atipikoekin aurkitzen diren pertsonen koronari arterietako eritasunaren diagnostikorako hurbilpena, Hain zuzen ere, kardiologia arloan, Leioako Medikuntza Fakultatean sekula aurkeztu den lehen tesia euskaraz.
Pedro izan ere izan zen Elektrokardiologia gaia euskaraz eman zuen lehen EHUko irakaslea, eta mediku hasiberrientzako praktikak euskaraz zuzendu zituen aurrena Basurtoko Hospitalean, non 30 urtez jardun zuen bertako Kardiologia Zerbitzuan. Aldi berean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Erizaintza Eskolaren irakasle, Leioan, biokimikaz, biofisikaz eta fisiologiaz. Baita, UZEIren ardurapean, 32 euskal kardiologoren elkarlanaren koordinatzaile ere, Elektrokardiografiako Atlasa/Atlas de Electrocardiografía, gaur egun Osakidetzaren eskutan dagoen lan erraldoia kasu.
Kardiologiaren alorrean, medikuei ez ezik, publiko arruntari ere zuzendutako lanen artean aipagarri Miokardiopatia hipertrofikoaz delako ikerketa, non aztertzen den kirolari gazteen artean gertatu ohi diren bat-bateko heriotzen nondik norakoa.
Pedro Aierbe ez zen Eibarren medikurik ezagunena, eta, segurutik, inor gutxik sartuko luke euskaltzale handien nolabaiteko zerrendan, baina nabarmen gutxiago egindako makinatxo bat aipatu ohi da takean potean. Pedro ez zen, behar bada, jarreraz, eibartarrik eibartarrena (1). Ez zuen inoiz bere burua jaso nahi izan. Eta joan ere horrela joan da. Apal eta isilik.
1) Baina bai, ostera, Eibarzale amorratua. Hil-kutxa barruan, eskuan eraman duen oihal gorri-urdina adierazgarri.