Pedro Aierbe, kardiologoa
Ez nuen nik umetako eta gaztetako lagunartean sekula Pedrorekin euskaraz hitzegin. Besteak beste, gerra osteko giro petral hartan gazterik gehienok gaztelaniaz baino ez genuelako kalean egiten –zein lagun ote zen euskaldun ere ez genuen sumatzerik izan ezkondu eta apurtxo bat “gizondu” arte— eta, gainera, garai hartan Pedro berak hutsaren hurrengo baino ez zekielako euskaraz.
Pedro Aierbe Zabaletak (Eibar, 1945) hemeretzi urte zituen euskaraz ikasteari ekin zionean bere kasa, Zaragozako Medikuntza Fakultatean unibertsitari zelarik. "Umandi"ren gramatikaz hasi eta Euskera hire laguna Patxi Altunarenaz jarraitu. Gogotik ikasi zuen, nonbait, Doktore Tesia euskaraz egiten amaitu baitzuen Euskal Herriko Unibertsitatean: “Elektrokardiografiazko esfortzu-probaren eta 201 Tlarekiko esfortzuko miokardio-grammagrafiaren bidez sintomarik gabe eta sintoma atipikoekin aurkitzen diren pertsonen koronari arterietako eritasunaren diagnostikorako hurbilpena” (1985). Leioan, kardiologiaz, sekula euskara hutsean egin den lehen doktore-tesia. Ildo beretik, bera izan genuen, euskaraz, lehen Elektrokardiografia-irakaslea Leioako Medikuntza Fakultatean eta, baita lehena ere, Basurtuko Ospitalean kardiologia-praktikak euskaraz zuzentzen.
Orain, Pedro erretiratu berri zaigu, hamar urtean Bizkaiko Kardiakoen aldeko Fundazioan, hogeita hamar Basurtuko Kardiologia Zerbitzuan eta beste hogei Leioako Erizaintza Unibertsitate Eskolako Irakasle (Biofisikaz, Biokimikaz eta Fisiologiaz) aritu ostean. Guztira ehundaka argitalpen, ikerlan, txosten, artikulu eta agiri burutu ditu etenik gabeko berrogei urteotan baina, euskal ikuspegitik, bere emaitzarik nabarmenena Elektrokardiografiako Atlasa da (Portaleko liburutegian ale bat dago), hogeita hamabi kardiologok elkarrekin osatu eta Pedro berak koordinatu egin duena, gaztelaniaz zein euskaraz, UZEIren laguntzaz.
Ezjakinon saihetsetik, berriz, bere ikerketarik adierazgarrienetakoa Miokardiopatia hipertrofikoaz egindakoa da, berau da-eta “bapateko eta uste gabeko heriotza eragiten duen sortzetiko kardiopatiarik ugariena”. Edo, edonork ulertzeko moduan, eliteko kirolari gazteen artean gertatu ohi diren bapateko heriotzen heren bat, zoritxarreko miokardiopatia hipertrofiko horri leporatu behar zaio.
Zorionak Pedro, eta eskerrik asko.
Elektrokardiografiako Atlasa
Eskertuko nizuke argibidea. Milesker.
Izan untsa.