Paulino Rivero, euskal jatorrizko guantxea
Kanarietako uretan petrolio-prospekzioak egingo direla-eta, bertako jaurlaritzak, gaizki iritzita nonbait, hiritarren ustea ezagutzeko, honako galdera egitea proposatu du: “¿Cree Vd. que Canarias debe cambiar su modelo ambiental y turístico por las prospecciones de gas y petróleo?” Ha galdera! Guantxea izan behar horrelakorik galdetzeko… edo euskalduna.
Nik ez dut esango galderarik egin behar ez denik edo hiritarrek edozertaz erantzuteko eskubiderik ez dutenik. Eta galdera egitea –edo erantzutea— nori ote dagokion ez da, orain, arduratzen nauen kontua. Nago, ordea, galdera-molde hori iruzur samarra baino ez dela, demagogia nabarmena, aldrebeskeria hutsa baitarama bere baitan.
Eztabaidagarri litzateke gas eta petrolio ustiapenek, besterik gabe, kanariarren eredurik aldatu ote lezaketen baina, esanak esan, prospekzio soilek datuak eta informazioa besterik ezin izango dute eskaini. Balizko presak urik ez.
Ezin jakin kanariarrek zer erabakiko ote luketen harako prospekzioek frogatuko balute euren uretan, esaterako, Norvegian besteko hidrokarburorik dagoela. Zalantzarik ez gero oso kontuan hartzekoa dela turismoak uharte eguzkitsuetan eragiten duen 12.000 milioi euroko aberastasuna. Baina, norvegiar 600 itsasplataformek 60.000.000 milioi sortarazten dituzte. Orduan? Nor da informazioaren beldur?
Gainera, nor arraiok esan du prospekzioek, derrigorrez, petrolio-aztarrenik azalduko dutenik? Eta ezer topatuko balitz ere, nork daki --urrutiegi joan gabe— Kanarietako hobiak Tarragonakoak edo Bermeokoak baino emankorragoak izango direna? Inork uste al du, benetan, Tarragonako plataformak Kataluniako ingurumen-eredua eta turismoa (Sitges, Cambrils…) aldatzen dituela? Inork uste al du Bermeko Gaviotak Urdaibai baldintzatu duenik edo euskal arrantza gainbehera erakarri?
Nik ez dakit gu inozoak garen ala besteak gu baino dezente trebeagoak. Auskalo zergatik honenbeste kostatzen zaigun guri helduaroan ikastea, beste hainbatek umetatik jakin ohi dutena. Hiru adibide esanguratsu aipatzekotan: offshore-ustiapenetan Norvegia den arren Europako aitzindaria, arrantzan zein ingurumen-arloan ere aurrenetakoa da. Ildo beretik, Europan ingurumenaz gehien arduratzen diren herrialdeak dira, hain zuzen, inondik ere erraustegirik uxatzen ez dutenak; eta, amaitzeko, Europako eski-eremurik handiena (Dolomitak, 1.200 km.) UNESCOren gizateriaren ondarea da.
Guk berriro jaio beharko genuke tamaina horretako “kontraesanak” ulertzeko. Eta Paulino Rivero guantxeak ez luke hobeto egingo euskalduna balitz.
Consulado de Bilbao, 1978ko argazkian. Federico Krutwigk aurkeztu zuen bertan "GARALDEA. Sobre el origen de los vascos y su relación con los guanches" (Txertoa, 1978)