Garunak apurtzeko bi modu
Banakako ariketez eta neuropsikologoek hilean behin Internetez emandako taldekako saioez osaturik dago programa eta, bertan, “garunaren funtzionamenduari eta funtzio kognitiboak estimulatzeko beharrezko gakoei buruzko ezagutzak eskuratu ahal izango dituzte parte hartzaileek”.
Cita-Alzheimer Fundazioak 2015 urtean aukeratu zuen Deba, herri osoa nolabaiteko laborategi bihurtuz eta bertako 65 urtetik gorako mila herritarrak proba pilotutzat hartuz. Geroztik 7 urte joan dira, pandemia tarteko, eta batek daki zertan den harako esperientzia pilotua baina, behar bada, zazpi urte ez dira larregi ondorio zehatzik lortzeko. Dena den, urtez urte jarraitzeko aukera dugun bitartean, txarrenean ere, “inora” joan ez garenaren seinale.
Pauleren enigmak
Paule Gesalagak 10 urte ditu, nire bilobarik gazteena da eta, Gabon Zaharretako afarian, azken bolada honetan gustura irakurtzen diharduen liburua erakutsi zidan harro asko: Enigmak. Artea.
Liburuaren aurkezpenak zera dio: "Izan nahi al duzu Artearen Historian espezializatutako detektibea? Liburu honetan 25 enigma dituzu zain, primeran pasatzeko garunak apurtu eta arte-sorkuntzaren munduan murgildu ahala. Gertaera, pertsonaia eta bitxikeria harrigarriak topatuko dituzu, labar-pinturetan hasi eta grafitietaraino eramango zaituen ibilbide batean zehar.”
Ez nuke, inondik ere, errealitatetik ihes egin nahi, baina ez dakit ba nik, funtsean, aitxitxa eta biloba ez ari ote garen, ezustean, liburu berdintsuak irakurtzen: “garunak apurtzen” eta “funtzio kognitiboak estimulatzen”, alegia. Hala ere, alde handi batez.
Zaharroi jarritako ariketak aspergarriak dira, matematikariak asmatu izan balitu bezala; Paulerenak, ostera, abizari erakargarriz josita daude, zaletasuna pizteko eta interesa areagotzeko.
Nik “garunak apurtu” behar ditut dakizkidanak ez ahazteko. Paulek, aldiz, ez dakiena suspertzeko.