Patxi Lopez ez da fio; ezta ni ere
Nonbait Bilduk uste du Patxi Lopezi kalte egingo liokeela, beronen alderdi-hauteskundeetan, euskal sozialistak Bake lantaldean parte hartzeak. Baina hori horrela balitz, barrena irakurketa bi leudeke. Bat, Bilduk salatu edo nahi duena: espainiar sozialisten artean ez dutela begi onez ikusten PSEk Bake lantaldean esku hartzea. Baina, beste bat, Bilduk sumatu ere sumatzen ez duena, alegia: Patxi Lopezek uste izango balu Bake eta Elkarbizitzarako lantaldean benetan aurrerapen nabarmenik lortu lezakeela, buru-belarri sartuko litzatekeela erdiespen hori bere bizkar-zorroan ezarri ahal izateko. Eta, orduan, galdera zera da. Zergatik Patxi Lopez fidatzen da horren gutxi?
Aitor dezadan nik ez dakidala larregirik egungo alderdien jarrerez, unean uneko erabaki politikoen argudioez eta euren arteko ñabardurez baina, zer gerta ere, ez dut sekula uste izan Alderdi Sozialistaren bake-guramena Bildurena baino pattalagoa denik, ezker abertzalearen jokamoldea sozialistena baino demokratikoagoa denik, edo Bilduren estrategia PSE-EErena baino santuagoa denik.
Nik ez dakit, ez, zeintzuk diratekeen PSE-EEren arrazoiak Bilduz ez fidatzeko; eta ez dakit Bilduk, talde gisa, zorioneko zoru etikoa bete duen edo ez duen bete, ezta bete beharko lukeenik ere. Nik dakidana zera da, ordea: ez dudala nire baranoan Batasunaren inguruko inor ezagutzen, azken berrogei urteotako jokabideaz zalantzarik txikerrena ere adierazteko gertu dagokeenik.
Berrogei urtean arrazoiaren jabe izan dira, harro asko. Erail, izutu, mehatxatu eta gutxietsi izan gaituzte eta orain, berriz, jarraitzen dute betidaniko arrazoi berrituaren jabe, erailtzeke, izutzeke eta mehatxatzeke baina ez, ordea, gutxiesteke, lehengo eta oraingo egia handiak –aldi berean-- euren baitan baino ez baleude bezala.
Nik ez diet inon damurik antzematen, ez aitorpenik, ez gogoetarik, ez apaltasunik, ez begirunerik. Estrategia-aldaketa besterik ez dut ikusten. Eta honekin ez dut esangura estrategia-aldaketa aski ez denik, hori baino ez dudala ikusten baizik.