Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Pateren inbasioa iragarri zuen filma

Pateren inbasioa iragarri zuen filma

Amatiño 2021/05/21 14:00
Orain hiruzpalau hamarkada, film batek iragarri zuen milaka pateraren inbasioa Malagako itsasbazterrean. Ez da, oraindik, halakorik sekula gertatu baina, 2020an soil-soilik, 40.106 etorkin heldu ziren Espainiara, 2.124 ontzitan, urte guztian zehar. Eta denak toki eta egun berean helduko balira?
Pateren inbasioa iragarri zuen filma

Europako Balkoia

Ezin esan gero, zehatz, orain  30 ala 40 urteko filma ote zen. Nik neuk ikusi nuen arren, ezin gogoratu pelikularen izenburua edo argumentuaren haria. Baina ez dut, ostera,  ahaztu, zelan amaitzen zen: Afrikako milaka etorkin pateratan heltzen Nerjako hondartzara, non eguzkia hartzen ari ziren turistek, aulkiak eta toallak bertan lagata, ziztu bizian hanka egin beharra sentitu zuten, beltz landerren beldur. Aldi berean, hondartza gaineko Europako Balkoi ikonikoan, fusil automatikoak eskutan, Nazio Batuen kasko urdinak.

Inoiz Felix Linaresi ere galdetu izan diot zer film izan ote zitekeen hura, baina gure aditu ofizialak ez du sumatu ere egiten; migrazioei buruzko filmen zerrendetan azken hogei urteotakoak baino ez dira agertzen; eta Internetez hainbat modutan bila jardun arren, ez dut batere aztarrenik aurkitu ahal izan.

Hainbeste urte geroago, nik antzematen dudan bakarra zera da: artean ezer gutxi nekiela paterez, fenomeno hura berria zela, sekulako zarrada egin zidala, eta,  duela hiruzpalau hamarkada, sekuentzia hura iragartzeko gauza izan zen zinegilea ez zela edonor.

Datu ofizialen arabera, 2020 urtean zehar 2.124 ontzi (paterak, kaiuak, baltsak, potintxoak etab.) inguru heldu ziren, Afrikatik, Andaluziara zein Kanarietara. Guztira, itsasoz, 40.106 etorkin. Demagun, laurdena baino ez letozkeela (500 ontzi eta 10.000 lagun) baina denak elkarrekin, egun bakarreko hitzordu berean. Nork geldiaraz lezake tamaina horretako inbasiorik? Ba, hori zen, hain zuzen ere, orain 30 urte luzeko filmak aditzera eman nahi izan zuena.

Ez dut gogoan filmaren nondik norakoa, baina ezin ahaztu film-amaiera hark nire barne-muinetan eragin zuen egon-ezina. Batetik, itsasoaz haraindi europar paradisuaren itxaropenetan esku hutsik zetozen behartsu errukigarrien hunkipena; bestetik, axolagabeko hondartzan, hainbat etzaulki eta hamakatan eguzkia hartzen ari zirenen ulertezinak, izuak eta ihesak; eta, Europako Balkoi gainean, berriz, Nazio Batuen kasko urdinak armetan jarriak, europar balioak defenditze aldera-edo.

Patera 1988
Pateran itotako lehenak 1988an izan ziren. 23 gazte atera ziren Tangerretik, ontzia irauli eta bost baino ez ziren Tarifara bizirik heldu. Igeri egiten zekiten bostak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: