Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Pasioa San Joanen hitzetan... lapurteraz

Pasioa San Joanen hitzetan... lapurteraz

Amatiño 2012/04/02 23:10
Igande arratsaldez Donostian izan genituen "Le Concert Lorrain" ganbera-orkestra eta "Nederlands Kamerakoor" abesbatza. Elkarrekin eskaini ziguten Johann Sebastian Bach konpositorearen "Pasioa San Joanen hitzetan" erestia. Bach berez da astuna, eta atsedenik gabeko 130 minutu lar luze, musika anoa txikerragoetan maite dugunontzat. Hala ere, ez lokartzeko-edo, dezente gustura aritu nintzen librettoa lapurteraz irakurtzen. Lapurteraz?

Garai batean,  zenbait opera, kantata edo errezitaletan proszenio-buruan jarritako testu-itzulpenak gaztelania hutsez izan ohi ziren. Aspaldiotan, berriz, gaztelaniaz gainera, baita euskaraz ere. Guztion batutzat jotzen dugun euskara horretan, jakina. Baina aurreko igandean, berriz, "Le Concert Lorrain" ganbera-orkestraren kontzertuan, harrigarri bada ere, lapurteraz. Euskara landu eta txukunean, bai, baina Iparraldeko nolabaiteko baturantzako  "lapurtera osotuan", hiztegiaz, morfologiaz zein joskeraz.

Auskalo gero itzulpen hori nondik nora atera ote den. Behar bada,  "Le Concert Lorrain" (Lorrena) eresbatza frantziarra izanik, aurretik Iparraldean aritua izana da. Edo, agian, tokian tokiko audientziari dagokiokeen itzulpenaz azken orduan arduratu beharrean, nahiago dute  aldez aurretik patxadaz eta euren gustura egindako itzulpen eta guzti jendaurrean agertzea. Alde honetatik, Lorrenatik begiratuta behintzat, nabarmen arruntagoa dateke itzulpen eskaka Baionara jotzea, Donostiara laguntza eske dei egitea baino.

Edozein modutan, lapurtera landuari  eliz-giro klasikoa darionez gero, ez zitzaidan batere arrotz iruditu Pasioaz jarduteko, zeharo aproposa baizik.  Ez nuen ordea atzo arte sekula pentsatu, Pedro apostolua Piarres izan zitekeenik.

"Le Concert Lorrain" ganbera-orkestrak eta "Nederlands Kamerakoor" abesbatzak elkarrekin eskainitako Bach-en Pasioa San Joanen hitzetan ereslana --San Materorena bezain ezaguna ez izan arren-- ez da gero euli-kaka. Programa berberau martxoaren 18an hasi zen Oslon eta apirilaren 7an amaituko da Parisen. Tartean, bizpahiru egunetik behin Varsovia, Metz, Luxenburgo, Amsterdam, Donostia, Turin, Cuenca, Lyon eta Luzernan. Eta, behin eta berriz, batean zein bestean, beti ere, gainezka.

Hori bai, lapurteraz, Donostian soil-soilik.

Le conceert lorrain

Le Concert Lorrain

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: