Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Pascal Gaigne: 1 + 1 = 3

Pascal Gaigne: 1 + 1 = 3

Amatiño 2021/11/08 10:00
Euskadiko Orkestrak estreinako aurkeztu ditu egunotan, Hegoaldeko lau hiriburuetan, Pascal Gaigneren musika-lan bi: “Urrutiko arimak” eta “Urruneko azalak”. Bata zein bestea pandemia-garaian konposatuak eta, biak ere, pandemia-hausnarrean burutuak.
Pascal Gaigne: 1 + 1 = 3

Goia Saria, "Handia"z

Hain zuzen ere, pandemiaren protokoloak ezarritako baldintzak tarteko, Euskadiko Orkestraren musikari guztiek (90 inguru) elkarrekin jo ezinean, Pascal Gaignek sortarazi behar izan ditu bi eresi, biak ala biak berrogeitaka lagunek –erdi bana-- jotzeko modukoak. Baina, horrez gainera –eta hau da sekulakoa-- bi partiturak paraleloan interpretatuz gero, musikari guztien artean hirugarren konposizioa osatzeko tankeran. Alegia, bat gehi bat ez dira honako honetan bi, hiru baizik.

Bitarteko edo baliabide instrumentalek baldintzatu omen dute betidanik sormena. Irarkolak erakarri zuen nobela, errotatibak kazetaritza, zinematografoak zazpigarren artea, elektronikak telebista, Internetak mezu laburren estilistika eta, pandemiaren murriztapenek, berriz, partitura paraleloen formatoa.

Musika urruna

Zalantzarik ez, gero, aditua izan behar dela Gaigneren musika-maila balioesteko, baina segurutik ez diogu egiari zorrik izango baldin azpimarratzen badugu filmetarako egindako musikaren eta kontzertutarako burututakoaren arteko alde nabarmena.

Lehenengo kasuan, aldez aurretik inork egindako irudien eta kontakizunaren jarraitzaile edo lagungarri izan ohi da soinu-banda. Bigarrenean, ostera, bestelako erreferentziarik gabe amain eman ahal izaten dio musikagileak bere sormenari, entzuleak inondik ere susma ez dezakeen ildotik.

Gainera, musika --alerta-sirena eta guztikoa-- pandemia-giroan burutu delarik, urrutiko arimak eta urruneko azalak gogoan hartuta, emaitza nekez suerta daiteke agerikoa, ulerterraza, atsegina, lasaigarria edo hurbila, barnerakoia, makurra, larria, artegatsua eta urruna baizik.

Pascal Gaigne, bretoia Donostian

Bretainian jaioa (1958) eta  Okzitaniako Pauen zein Tolosan musikaz ikasia, Pascal Gaigne Donostian bizi dugu azken 35 urteotan eta Euskal Herriko bizpahiru musika-sortzailerik arrakastatsuenetakoa da egun. Hamaika kontzerturen konposatzaile, 100 inguru filmetako musikagile eta, hainbat hamarkadatan, dozena erdiren bat kantari ezagunen musika-ekoizle eta moldatzaile.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: