Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Parkimetroen hizkuntzametroa

Parkimetroen hizkuntzametroa

Amatiño 2011/08/05 19:11
Segurutik tramankulu elektroniko gutxi gero kalean, parkimetroa lakorik, euskararen azken urteotako bilakaera adierazteko. Egon ia denetarikoak daude: gaztelaniaz baino mintzo ez direnak, euskarari zein gaztelaniari lehentasun berdina ematen dioten elebidunak, eta elebidunak izan arren gaztelaniaren aldeko joera nabarmena dutenak. Ez da, hiriburuetan behintzat, euskara hutsean diharduen parkimetrorik.

Hasieran, kaleratutako lehen parkimetro guztiak erdaldun hutsak ziren. Geroztik, urteak joan ahala, euskaraz ikasten etorri dira. Nahiz eta, oraindik ere, euskaraz jarduteko gauza direnak euskaldun izanaz lotsatu edo.

Alegia, stand-by funtzioa gaztelaniaz jarria dutenez gero beti gaztelaniaz agurtzen zaituztenak eta, euskaraz jarraitu nahi izanez gero, euskara-aukera eskainiko dizutenak. Baina, hori bai, operazioa egin eta alde egin bezain laster berriro ere gaztelaniaren aldeko jarrera automatikoki hartzen dutenak.  Zer gerta ere gaztelania lehenesten duten sistemak dira, euskaraz bereziki eskatuz gero baino erantzuten ez dutenak. On demand.

Egia esan, gero eta gehiago dira euskaraz zein gaztelaniaz aurreiritzi jakinekorik gabe aritzen diren makinak. Bietarako gertu daudenak, erabiltzailearen eskakizunaren arabera moldatzen direnak eta hurrengo bezeroari aurrekoak erabili duen hizkuntza berbera eskaintzen diotenak.

Lehendabiziko sistemak euskararen aldeko ekimena eskatzen du, nolabaiteko militantzia pertsonala, erabiltzaileak bai baitaki makina, kortesiaz edo,  behin-behineko eta ez-ohiko aukera ematen ari zaiola, baina amaitu bezain laster sistema funtzio “normal” eta arruntera itzuliko dela. Bigarrenak, ostera, hiritar guztiak berdintzat jotzen ditu, ez du makinak berak ezer erabaki nahi, eta erabiltzailearen esku uzten du hautua, baldintza berberetan.

Jakina gero, sistema bateko zein besteko estatistika-datuak zeharo berdinezak direna. Baita interpretazioak ere. Lehenaren datuen arabera estatistikak frogatuko du zein gutxi erabiltzen den euskara, eta zein gutxi merezi duen hainbat aldarrikapeni jaramon egitea. Bigarrenaren datuek frogatuko dute, aldiz, aukera ez dela beti banakakoa, taldekakoa baino. Hau da, hizkuntza-aukera sekuentziala dela sarri, hainbat unetan erabiltzaile guztiak direla erdaldunak eta, ondoren, aldiz, denak euskaldunak. Jendeari uste baino gehiago kostatzen zaio-eta makinari aldatzeko eskatzea. Edo, beste modu batez esanda, jendeak uste baino dezente euskara funtzional gehiago dakiela.

Dena den, hizkuntzaren araberako parkimetro-kontu honetan bada ni erabat sumintzen nauena. Hots, oraindik ere erakunde publikoen ardurapeko sistemetan gaztelaniazko aukera baino eskaintzen ez duten parkimetro berri-berriak jartzea. Bilboko San Mames inguruan aurreiritzirik gabeko elebidunak diren artean denak, Donostiako Kursaalean edo Osakidetzaren ospitalen inguruan, aldiz, erdaldun hutsak jarri dituzte berri-berriak. Eta ez dut jakin inor kexatu denik.

parquimetro2[1]

Aurreiritzibako parkimetro elebiduna, Bilbon

Luistxo
Luistxo dio:
2011/08/06 16:52
  1. Donostiako berriak, ikusi ditudan guztiak, eleanitzak aurkitu ditut nik. 2. "Ez dut jakin inor kexatu denik", tira, zu ere ez zara kexatu? akaso akaso... baten bat kexatuko zen, ezta? 3. Ni kexatu izan naiz gauzaren batekin azken aldi honetan Donostian, baina ez PSE zegoenean agintean, ez orain Bildurekin, ez Twitter bidez ez Facebook bidez, eta ezta Turismo Patronatuan edo Euskara Patronatuan, oraindik ez didate kasurik egin.
Amatiño
Amatiño dio:
2011/08/06 23:06

Tira...

  1. Kontua ez da zuk "ikusi dituzun guztiak" eleanitzak ote diren, nik aipatu Kursaalekoak eta Osakidetzaren ospitalen ingurukoak elebakarrak diren ala ez baino. Berri-berriak dira, eta nik egia esan ez dut ulertzen gaurregungo merkatuan nola eskaini daitezkeen Donostiarako gaztelania hutsean moldatutako makina elebakarrak. Eta, are txarrago, nola arraio erosle donostiarrak amaitzen duen elebakarra hautatzen.
  2. Nik esan dut nik ez dudala jakin, ez dudalako jakin. Ez baldin badut jakin zer besterik esan nezakeen? Eta nik ez dut orain arte jakin, nire Osakidetza "naturala" Mendaro delako, "arrunta" berriz, Basurto. Eta ezohikoa, Miramon. Eibartar guztiak ez gara Donostian bizi.
  3. "Donosti" hori asmatu duena koshkeroa da segurutik. Eta gaztelania lehenesten du.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: