Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Paris…

Paris…

Amatiño 2015/06/12 19:55
Parisen gertatu berri den bilerak hainbat animo bare suspertu ditu berriro ere, baina nago euskal hiritarrik gehienoi ez ote zaigun zaharkitu samarra iruditu. Zenbaitentzat sekulako ekarpena izan den artean, beste hainbatek ez luke asmatu ere egingo esaten zertan datekeen berria.

Behar bada baikorregia naiz, baina nik susmoa dut euskal gizarterik gehienak ez ote duen bakea egintzat jotzen. Alegia, zorioneko “bake-prozesua” amaitua dela honezkero. Edo beste modu batez esanda, bakearen jabe garela eta prozesurik baldin bada inon, eguneroko bizitzari aurre egitea (politika-jokoa tarteko) nahiko prozesu konplexua dela besterik gabe ere.

Parisen gogorarazi nahi izan digutenez, ETAren armak eta presoen egoera omen dira guk lortutzat jotzen dugun bakea lortzeko azken armailak. Daitekeena.

Hala ere, lau urte joan dira ETAk arma-arrazoibideak uztea erabaki zuenetik eta nekez ulertu dezakegu zeren zain ote dagoen edo noren laguntza behar ote duen arma fisikoak nonbait utzi eta, tarteka-marteka gustuko dituen adierazpen horietako batez, non laga dituen 'urbi et orbi' jakinarazteko. Beste kontu bat da, armak entregatzen diharduela, Espainiar Gobernuarekin argazkia atera nahi izatea baina, esan bezala, hori beste kontu bat da.

Aldi berean, susmoa ere badut, gero eta gehiago garela uste dugunok presoak ez direla legeak eskaintzen dizkien abagune guztiez baliatzen, kartzelatik ateratzeko. Beste kontu bat da, euren estrategia politikoengatik, baliatu nahi ez izatea. Baina, esan bezala, hori beste kontu bat da.

Segurutik, giza-eskubideak horren errotik defenditzen omen dakiten frantziar errepublika aldean zer erakutsi asko izan dezakete. Baina, aukeran, nik galdetuko nieke zergatik, bakearen eta errepublikar baloreen izenean, inork ez dion esaten ETAri, ez dela aski halakoren batean derrigorrez armak uztea; horrez gainera, ondo letorkeela nahita aitortzea, ezin dela arrazoi politikoengatik inork erail. Ez Frantzian, jakina, baina ezta Espainian ere.

Eta bakea sendotze aldera, giza-eskubideak defenditzeko baino ez bada ere, eta zorioneko errepublika-baloreen izenean gainera, ez litzateke alferrikako lana izango horren jende anitza berriro biltzea, Frantziak ez dituela nazioarteko hizkuntza-eskubideak betetzen salatzeko, eta, bidenabar, baketu nahi omen duten Euskal Herri hori ez dela Frantzian existitzen, gogorarazteko.

jaime
jaime dio:
2015/06/13 17:38
 Baina, aukeran, nik galdetuko nieke zergatik, bakearen eta errepublikar baloreen izenean, inork ez dion esaten ETAri, ez dela aski halakoren batean derrigorrez armak uztea; horrez gainera, ondo letorkeela nahita aitortzea, ezin dela arrazoi politikoengatik inork erail.
Ongi irakurrita, ongi hausnartua, bat nator esandakoarekin, hitzez hitz, baina, injustua iruditzen zait 700 edo 800 laguni, 40 urtetan 900 hilik egin zituztenei, munduko gudarosterik handienak dituzten herriei eskatzen ez zaiena eurei bakarrik exijitzea, hau da, aitor dezatela arrazoi politikoak direla eta ezin dela inor erail.
Hitlerek, Alemaniaren Führer guztiz maitatuak, arrazoi politikoak baino askoz arrazoi doilorragoarengatik izan zen Bigarren Mundu Gerraren piztailea, hots, arrazoi ekonomikoagatik edo, garbiago esateko, 70.000.000 hilik eragin zituen Alemaniako mugak zabaltzeagatik. Azken finean, diru zikinagatik.
Herri horrek ez ditu inoiz ezarri zitzaizkion izunak ordaindu, ez dio inoiz barkamena eskatu Munduari, eta, gaur egun, Europan jaun eta jabe, manatzen dizkie zer murrizketak egin behar dituzten euren ekonomietan gerran zapaldu zituen herriei, esaterako, Greziari.
Alemania ez da bakarra, planeta honetako beste herri batzuei ere ongi letorkiekeela nahita aitortzea, ezin dela arrazoi politikoengatik – edo ekonomikoengatik – inork erail.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: