Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Paret margolariaren omenetan

Paret margolariaren omenetan

Amatiño 2016/11/03 00:05
Jesus Mari Lazkano bergararrak Kursaalean hiru hilabetez eskainitako erakusketan izan da koadro bat non, itsasaldetikako hainbat ikuspegiren artean, irakurri zitekeen: PARET – DONOSTIAN. Paret? Zer da Paret? Zein da Paret?

Paret LazkanoLazkanoren margolana Paret pintorearen omenez

 Luis Paret y Alcázar (1743-1799) XVIII. mendeko espainiar pintorerik onenetakoa izan zen, nahiz Goia handiaren garai berekoa izateak batere aukerarik erraztu ez. Horrez gainera, Luis Borboiari ezkutuko amodiotan zein aldarri politikotan lagundu omen zionez gero, Puerto Ricon (1975-78) eta Bilbon (1978-1786) zenbait urtez bizi behar izan zuen, monarkiak “erbesteratua”.

Euskal Herrian egindako zortzi urteak ez zitzaizkion, horratik, alferreko gertatu. Paret Ilustrazioaren jarraitzaile amorratua zenez gero, ezin aproposago egokitu zitzaion hamar urte inguru lehenago (1765) sortua zen (Espainian lehena) Euskalerriko Adiskideen Elkartea eta, ondorioz, Azkoitiko “zalduntxoekin” bilbatu ahal izan zituen harreman estuak. Nabarmen adierazgarri, esaterako, Xabier Munibe Peñafloridako Kontearen erretraturik ezagunena Paretek berak marraztu zuela.

Horrez gainera, Bilbon bizi zelarik, Carlos III.ak “Kantauriko bistak” enkargatu zizkion antza, eta Paretek, gutxienik, euskal itsasbazterreko bederatzi paisaia margotu zituen. Bost Bizkaikoak (Bermeo, Bilbo -2-, Olabeaga eta Portugalete) eta lau Gipuzkoakoak (Donostia, Hondarribia -2- eta Pasaia). Orain zeharo klasikotzat jo arren paisaiak pintatze hau, XVIII. mendean berrikuntza nabaria zen paisajismoa.

Paret 53 urtez hil zen, emaztea eta bi alaba miseria gorritan lagata. Ez zuten nonbait koadro-alerik ere ikusi, ezta sekula kobratu ere zor omen zitzaien pentsio ofiziala.

Mende bi geroago, han-hemenka barreiaturik diraute Paretek margotutako euskal bistok eta bi behintzat, Donostiako biak hain zuzen, daude Zarzuelako Jauregiaren Harrera-Aretoan, non Erregek hartu ohi dituen bisitari ofizialak.

Felipe VI Donostia

Atzekaldean, Paretek Donostian margoturiko bi pinturetako bat

Bermeo

Bermeo

Hondarribia

Hondarribia

 Olabeaga

Olabeaga

Pasaia

Pasaia

Portugalete2

Portugalete

Areatza

Bilbo

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: