Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Parasito pontifikatzaileak

Parasito pontifikatzaileak

Amatiño 2010/08/25 11:24
Eliza Katolikoaren alde ala kontra ote nagoen erabaki behar izango banu, batere zalantzarik ez gero, alde. Baina hautu honek ez nau “eliztar” egiten. Gauza bat da gramatika eta beste bat, praktika. Praktikarik ezak bihurtzen nau elizaren parasito eta erabat gutxiesten du nik haren barne-erabakiez izan dezakedan iritzia.

Lagunartean tarteka-marteka suspertu ohi da elizaren jokabideen gaineko eztabaida. Eztabaida baino gehiago jarduna, denok bat etorri izaten gara-eta elizak gero eta gutxiago erakartzen gaituela onartzerako orduan.  

Otordu osteko mahai gozoan nork baino nork daki nonbait zeintzuk diren elizaren malurak eta zeintzuk liratekeen, berriz, egin beharko lituzkeen aldaketak. Teoriazko ekarpen hauek nolabaiteko balioren bat izan lezakete solaskideak lantzean behin elizara joango balira baina,  inoiz ez joateaz gainera, beldur naiz ez ote liratekeen sekula itzuli ere egingo nahiz eta beraiek proposatzen dituzten aldaketak noizbait suertatu. Hau da paradoxa gero: elizara joaten ez garen eliztarrok nahi dugu elizak gu errekuperatuko ez gaituzten erabakiak hartu ditzan. Hipokresia nabarmena.

Ni ez naiz honez gero euskal gizartearen larrainik gazteenean bizi baina, hala ere, susmoa dut elizara joan ohi direnak ni baino are zaharragoak direla. Nere inguruan ditudan gehienak parasito hutsak dira elizarekiko, ezeren truke elizaz baliatzen baitira, baikara, geure arteko bataioak, jaunartzeak, ezkontzak eta hiletak atontzeko. Ez gehiago eta ez gutxiago. Hori bai, tartean, guretzat nahi ez dugun eliza aurrerakoiagoa izan dadin nahi omen dugu.  Itxurak bete baino ez.

Elizak gizarteaz hitzegin eta bere iritzia agertzen saiatzen den bakoitzean, samara egiten diogu haserre asko, elizak hobe lukeela gizarte zibilaz isilik egon gogoratuz. Baina gizarte zibilaren izenean eliza isildu dadin eskatu ohi duten iritzi-emaile, solaskide, komunikabide eta editorial berberek ez dute gero batere arazorik izaten elizaren barne-erabakiez iritzia emateko, kritikatzeko  eta gupidarik gabe pontifikatzeko.

Parasitoak izateaz gainera, pontifikatzaile amorratuak.

 Pulpito

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: