Bai, baina
Nik neuk esango nuke, euskaraldiak arlo bi landu dituela gehienbat. Lehenik, berba egiteko zailtasunak dituzten euskaldunberrien larraina zabaltzea. Eta bigarrenik, sarriago hitzegiteko aukera eskaintzea.
Nago, ordea, programa ez zaiola horrenbeste egokitu normal samar euskaraz egiten duen euskaldunzaharrari, eta, are gutxiago, euskaraz hobeto egiteari. Hau da, beldur naiz, euskaldunzaharrok ez ote dugun jarri probaren karga euskaldunberrien bizkarrean; eta ez ote diogun lar protagonismo ematen kantitateari, kalitateari muzin eginez.
Benetan kezkatzekoa da, gero eta zabarkeria gehiagoz hitzegiteko ohitura, batere ardura barik jarduteko joera. Gure arteko gehienok lotsatu egingo ginateke gaztelaniaz egingo bagenu, euskaraz egiten dugun bezain trakets. Zergatik ez gara lotsatzen euskaraz hain petral egin arren? Zergatik ez zaigu axola euskaraz hain motz egitea? Zergatik uste dugu, euskaraz eskas hitzegitea jatorra eta herrikoia dela?
Eta ez tranparik egin edo aitzakia merketan galdu. Ez naiz esaten ari guztiok akademikoak izan beharko genukeenik baina, bai, euskalki batez zein bestez, duintasunez hitzegiten saiatu beharko genukeela.
Zalantzarik ez gero, euskaldunzaharrok euskaldunberriok euskaraz ikasi dezaten nahi dugula. Baina, inoiz pentsatu al dugu euskaldunberriok ere nahiago luketela euskaldunzaharrok hobeto hitzegitea. Euskadi Irrati honetako saioak ez al lirateke gozoagoak eta erakargarriagoak, denok euskaraz hobeto egingo bagenu, asmatu ezinean ibili beharrean?
Ez dinot eskolara joan behar dugunik, baina... Atera kontuak zuk, entzule, azken urteetan zenbat ordutan jardun zaren korrika, gimnasioan, golfean ikasten, gitarra jotzen, koruan kantatzen edo gaztelaniaz irakurtzen. Aldi berean, zenbat ordutan ahalegindu zara euskara pitin bat lantzen? Noiz irakurri zenuen azken bider informazioa euskaraz? Noiz, euskarazko liburu oso bat?
Eta… zu zara euskaltzalea? Euskara maite duena? Zu… euskara salbatuko duena? Ez duzu gero pentsatuko, urtean behin paparrean txapa jartzeagatik, euskaltzale onaren diploma irabaziko duzunik, ezta?
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria