Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Paoli tenor puertoricarra edota Irulegi espiritista nafarra

Paoli tenor puertoricarra edota Irulegi espiritista nafarra

Amatiño 2020/06/04 00:45
Antonio Paoli sekula Puerto Ricon jaiotako kantari lirikorik onena da eta haren curriculum ofiziala jakinekoa. Baina, Isidoro Fagoaga tenor nafarrak Milanen ezagutu zuen Paoli zena, eta beratarrak hartaz esandakoak ez dira inondik ere biltzen puertoricarraren zertzelada ezagunetan. Espiritismotan jarduten omen zen eta konjuroak nafarreraz egiten. Pertsona berbera ote? Nolatan?

Antonio Paoli

Antonio Paoli (1871-1946), “Tenorren errege eta erregeren tenorra”, Ponce hirian jaio zen eta, hamahiru urte baino ez zituela, umezurtz geratu eta alde egin zuen Espainiara,  non bizi zen bere arreba nagusia. Escorialeko abesbatzaren beka lortu zuen, lehenik, eta Milango Scalaren akademiarena, gero. Enrico Caruso mitikoaren besteko ahots-erregistro altua omen zuen eta, 24 urterekin debutatu ostean, Europan zein Ameriketan aritu zen arrakastarik arrakasta. 1917an, ordea, Lehen Mundu Gerra zela-eta, nora ezean geratu eta denetarik egin behar izan zuen iraun ahal izateko, boxeoan ere, tarteko. 1922an Puerto Ricora itzuli eta, bere arrebarekin batera, kanta-eskola ematen eta kontzertu-antolaketan aritu zen. Minbiziz zendu zen 1946an.

Isidoro Fagoaga

Isidoro Fagoaga (Bera, 1893 – Donostia, 1976), Berako Agaramontea baserrian jaioa, 1920an heldu zen Milanera, mutikotan Argentinara alde egin ondoren. Buenos Aireseko kanta-lehiaketa batean hirugarren geratu eta gomendioa egingo diote Italiara joan dadin, Parmako kontserbatorian ikastera. Hala ere, 1917an Lehen Mundu Gerra zela-eta, Berara itzuli beharko du eta Iruñeko Orfeoian kantatzeari ekin. Nafarroako Diputazioaren beka batez Madrilera joango da eta bertan egingo debuta, 1919an. Hurrengo urtean, Bilbon, Guridiren “Amaya” operaren estreinuan parte hartu eta, ondoren, Espainiako zein Portugaleko zenbait hiriburutan Richard Wagnerren "Walkiria" eta "Parsifal" operak kantatuko. Aurrekari hauek eramango dute 1921an Napolira, "Walkiria" kantatu behar zuen tenorraren ordezkotzat. Baita, geroztik, 1920eko zein 1930 hamarkadetan Wagnerren operen intepreterik onena eta ordainduena bilakatu ere.

1937an. Gernikako bonbardaketaren arbuio gisa, 45 urte baino ez zituela, kantatzeari utzi eta erbesteratu egin zen. 

Isidoro Fagoaga
Fagoaga, Amaya operan (1920)
 

Hermógenes Irulegi Baskaran

Fagoagak Paoli ezagutu zuenean Milanen, puertoricarra bere azkenenetan zegoen tenor moduan. Ez zuen lanik, farandulako kideek ez ikusi egiten zioten, beti bakarti samar, behar gorritan, noiz norbaitek afariren bat ordainduko.

Inoiz elkarrekin topo eginak ziren eta, hontaz eta hartaz jardun ostean, Fagoagak egiantza antzeman zuen, abizenez Irulegi Baskaran izaki --Nafarroako Ziraukin-edo jaioa--, euskaraz nahiko zekiela, Iruñeko giroa ezagutzeaz gainera zuberotarrak euskaldunik garbienetzat jotzen zituela, Kubako gerran kapitain karguaz parte hartua zela eta espiritismo-jardueratan sarri aritua.

1921ko abenduan, ustekabean, "Walkiria" operan ohiko tenorraren ordezkotzat kantatzeko aukera eskaini zioten. Pozaren pozez, afaltzen gonbidatzeaz gainera, Paoliri kontratuaren berri eman zion eta honek erantzun: “Muchacho, eso lo vamos a consultar con Julián”.

Fagoagak kontatzen duenez, Paoli, honen arreba eta hiruok haren etxera igo ziren, mahai-biribilaren inguruan eseri, eskuak elkarri eman eta Paolik ekin omen zion galdetzeari, behin eta berriz:

Julián, ¿estás aquí? Contesta como de costumbre bai edo ez.

 Ezustean, mahaia behin baino gehiagotan mugitu omen zen eta Paolik berriro galdetu:

Errazak bai edo ez, gure maisu maitia!

Honelatsuko beste zenbait konjuro eta mahai-ikararen ondotik, Paolik ontzat eman zuen Julian Gaiarreren bitartekotza eta, ordainetan, Fagoagari eskatu zizkion bi betekizun. Gaiarreren hilobia bisitatzea Erronkarin, eta Paoliren beraren zein Gaiarreren estanpak estreinuko jantzi-barruan elkarrekin josirik eramatea, opera-saioan zehar. Halaxe egin zuen Fagoagak, eta Napoliko debutean sekulako arrakasta lortu ez ezik, Milango Scalako tenorrik onenetakoa izan zen ondoko hogeitaka urtetan.

Paoli tenorea
Paoli

Postal soil bat salbu, Fagoagak ez zuen geroztik Irulegiren berri izan. Behin, haren etxeraino hurbildu zen Paoliz galdezka, baina atezainak esan zion alde egina zela. Eta arreba? “Hura ez zen arreba, amodioaren erlijioan-edo izan ezik” erantzun omen zion etxekoandreak. Hamabost urte inguru geroago, berriz, 1936an, Fagoagak kantari ziharduela Florentzian, beste posta-txartel bat jaso zuen Berako etxean, hiru izenez sinatua: Julián, Antonio, Isidoro.

Nolabaiteko azalpena

Antonio Paoliren datu ofizialetan ez dago Hermógenes Irulegiren aipamenik ere. Erreferentziarik bakarrak euskal bibliografian aurkitzen dira eta, beti, Isidoro Fagoaga iturritzat. Ez dago arrazoi izpirik zalantzan jartzeko Berako tenorraren kontakizuna (Retablo Vasco, 1959), beronen idazle-emaitza serioak erabateko segurtasun-bermea baitu.

Jakinekoa da Antonio Paoli Espainian bizi izan zela hainbat urtez. Inon ez da agertzen, ordea, Euskal Herrian zehar ibili zenik. Are gutxiago Zuberoatik Iruñera bitartean euskaraz ikasteko lain egon zenik. Haatik, tenorra zenez gero, normal samarra Julian Gaiarre (1844-1890) estimu handitan izatea, erronkaritarra zendu zenean Paoli Scalako akademian ikasten ari baitzen.

Militarra (gerran umeen garunak jandakoa omen), tenorra, boxeolaria, espiritista, maldan behera joandako artista xelebrea… Antonio Paolik nobela mardul bat idazteko besteko istorioak bizi ahal izan zituen, seguraski. Puerto Ricon kontatu ez zituenak, nonbait. Eta Fagoaga parean suertatu izan ez balitz, sekula jakingo ez genituzkeenak. 

Paoli boxeolaria
Antonio Paoli, boxeolari
Oier G
Oier G dio:
2020/06/04 08:55
Arraixua! Zelako interesgarrixa, Amatiño! Hau wikipediaratu beharra dago.
Amatiño
Amatiño dio:
2020/06/04 20:00
Gura badok, Paoliren gaineko kontakizuna bedratzi orrialde dittuk. Eskaneratu eta emailez bialduko deuadaz.
Oier G
Oier G dio:
2020/06/05 09:17
Ba molestia haundirik ez bada, eskertuko netsuke. Momentuz, handik eta hortik hartutako harixekin (faszinantia!) euskerazko artikulua moldau dot. https://eu.wikipedia.org/wiki/Antonio_Paoli Baiña zuzenketak eta datu osagarrixak ondo etorriko diraz.
Oier G
Oier G dio:
2020/06/05 09:21
Eta espekulatzen hasitta: neri euskaltasun horri azalpen bi okurritzen jataz. Igual sortzetikua (sasiko umia, txikittan adoptauta, eta bere iragana ezkutatzen saiatu zana) edo igual zuk diñozun Espainiako urtietako kontakturen bat (baiña hau sinesgaitzagua egitten jata). Nafarroako artxibo sakramentaletan billaketa bat mereziko leuke.
Amatiño
Amatiño dio:
2020/06/05 11:17
Joño! Kriston biharra egin dok. Baina, hain zuzen be, horreattik ondo etorriko jak Fagoagaren testu osua, nik nabarmen moztu bihar izan juat-eta.
 
Nik ikusi ahal izan dotenez (arin asko, egixa esan), Nafarroako Entziklopediak Fagoaga hartzen jok oiñarritzat.
Oier G
Oier G dio:
2020/06/06 00:30
Sartuta, beste iruditxo batekin batera (Paolik hankak ipintzen zebaneko zezena) https://eu.wikipedia.org/wiki/Antonio_Paoli
Enrique Zuazua
Enrique Zuazua dio:
2020/06/06 13:34
Interesgarria, bai. Ponce-n behintzat han jaoitakotzat ematen dute eta bere *jaoitze-etxea* museo bihurtu da... https://en.wikipedia.org/wiki/Casa_Paoli
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: