Pandemiaz, zinemara joan eta orfeoiaz amaitu
Lanetik bueltan, Elgoibarren geratu nintzen orain hurrengo, “Ane” filma ikusteko aitzakiaz. Ez dakit pandemiaren protokoloen arabera zilegi ote den, pasaian, filmen bat ikustea. Nago, ordea, ez ote diren zinema-aretoak lekurik seguruenak, astegunetako audientziak kontuan izanda gehienbat.
Azken bolada honetan "Ane", “Erlauntza” eta “Hil kanpaiak” ikusteko aukera izan dut nire inguru-minguru honetan. Nekez gero, horren produktu berdinezagorik. Arrunt unibertsala eta entretenigarria, barregarria, lehena; gogotik, urbanoa eta gordina, belaunaldi-drama, bigarrena; eta, baserri-thriller beltza, tragedia, hirugarrena. Egungo euskal zinemaren hirusta adierazgarria, besteak beste. Nik oraintxe sinatuko nuke horrelako hiru berri, urtero.
Gogoan dudanez, behintzat, sekula egon gabe nengoen Elgoibarko Herriko Antzokian. Gogoan ditut, ostera, sasoi bateko Capitol eta Odeon aretoak. Hirurogei urte baino gehiago, mutikotan, Elgoibarrera joaten ginela, lantzean behin, bizikletaz. Geroztik, mitinen batera, apika?
Erdi-gomutan ditut, berriz, noizbaiteko “Lagun Onak”, “Ongarri”, "Elgoibarko Izarra" eta horrelako musika eta dantza taldeak. Eta, hain zuzen ere, horra, Herriko Antzokiaren sarreran, aspaldiko argazkiak, sekula gehiago itzuliko ez diren sasoien lekuko eta oroigarri.
Bat aukeratzekotan, “Lagun Onak” orfeoiaren 1926ko argazkia. Ezer aipatzekotan, hiru xehetasun iruditzen zaizkit azpimarragarri.
Lehena, aski ezaguna, gizonezko guztiek txapela daramatela buruan, garai hartan ohikoa zenez.
Bigarrena, begi-bistakoa, hain ezaguna ez den arren: gizonezkoak direla eserita daudenak, jaun eta jabe, emakumeak, zutik, inguruan jartzen zaizkien artean.
Eta hirugarrena, bistakoa ere, baina ez, horratik, gaur egungo ikuspegiaren arabera, nabarmena: emakumeak ere bazirela abeslarien artean.
Ez dut "Lagun Onak” abesbatzaren berri, baina Donostiako Orfeoian, behintzat, sorreran (1897) gizonezkoak soilik aritu ostean, 'andereñoak' 1909 urtean hasi ziren --ume tipleen ordez-- estreinako kantatzen, Belle Epoque zela-eta, erabat modernoa izan nahi zuen Donostia* hartan.
*1912 urteko udaran inauguratu ziren, aldi berean, Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia, Igeldoko funikularra eta La Perla bainu-etxea. Erregina bi, zalduna eta txota. Eskutik, pareak eta jokoa. Orduan ez zen Eusko Jaurlaritzarik.