Pagoeta, Askizutik Agorregira
Orain hogeita hamabost urte inguru edo, Santiago hondartzatik Askizu aldera heltzeko gurdibide latza igo behar izaten genuen, arnasa estuan. Egungo aldatsa, oro har, lehengo berbera da, ezin bestean, baina, ordutik hona, bidezidorra luzatu egin da eta nabarmen gozatu. Gainera, orduan bizikleta mekanikoa eta orain, ostera (holakoetan, nik behintzat), elektrikoa.
Askizutik, Garate gainean zehar, Meagarainoko trantsitoa bide guztiz ezaguna da, gero. Baita Elkanorantzakoa ere. Baina Elkanora sartu aurretik Aizarnazabal aldera jo behar da, eta Urola begi bistan delarik, Urdanetara igo, %10eko aldapa serioa tarteko.
Altzolarats haranaren gainaldetik, Santa Engrazia aurrez aurre dela, maldan gora, Pagoetan barrena, Aiara zuzenean doan aldapa traketsa (%12) tontorreko gurutze pareraino. Nahi izanez gero bertaraino irits daiteke bizikletaz baina, osterantzean, Aiara artez arte doan mendi-bide erosoa bere gisara utzi eta barreneko zuhaiztian sartu, langa gainditu ostean. Maldan behera Laurgain aldera jo eta Artetxoeta (desagertzeko arriskuan dauden pottoka eta betizuen zaintza) esparrua ezkerrean lagata, Iturrarango parkinera eta Agorregi errota ingurura jaitsi.
Agorregitik, orain ez dela asko, Altxerri errekazulo ondotik Manterolan zehar, bide txukun samarra zihoan Orioraino, Oribazar hondartzatik gora Mollarriko kanpinera igo eta Zarautza jaisteko. Baina, oraingo honetan, Manterolanera heldu aurretik bidea eragotzia (nahita) aurkitu eta aurrekoz atzera itzuli behar izan genuen. Ibarrola Goikoan errepide nagusia hartu ohiko norabidean, Zarautza jaitsi, Santa Barbara ingurutik Garate mendateraino igo eta, Getariako gainaldetik Askizun barrena, Zumaiaraino itzuli. Berandutuz gero, itsasbazterretik, lau-lau, ordekan joaterik ere bada, jakina.
Zein bide hautatzen den arabera, itzulbira osoa nekez izan daiteke 35 kilometro baino laburrago, ez eta, gehienez, 50 kilometro baino askoz luzeago ere. Era batez zein bestez, goiz gosaldu eta bazkalordurako berriro etxeratzeko modukoa. Zeharo gosetuta, hori bai.