Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Otermin, Amezketako artzain kinesikoa

Otermin, Amezketako artzain kinesikoa

Amatiño 2009/11/21 12:11
Hirurogeiren bat lagunek agur esan genion atzo Jose Mari Otermin adiskideari. Ez, ez zen bere hiletarik izan, erretiro-eguna baizik. 27 urte ETBren programa-zuzendaritzan jardun ondoren, Jose Mari Amezketara itzuliko da Fernandoren aztarren bila. Jose Marirekin amaitzen da, Euskal Telebistan, 1970eko hamarkadan euskal komunikabideak erakundetzeari ekin zitzaion belaunaldia.

Artzain-familian sortua, hazia eta hezia, Jose Mari Oterminek Neolitikotik McLuhanen globalizaziora ziztu bizian pasatzeko gaitasuna erakutsi du. Artzain Amezketan, sakramentino ikasle Tolosan, igeltsero Goierrin, kazetari Loiola Irratian, Euskadi Irratiaren sortzaileetakoa, programa-arduradun ETBn eta, azken bolada honetan, komunikazio  kinesikoaren irakasle hainbat masterretan.

Nik ez dut gogoan baina, berak esan ohi duenez, 1982an ETBn ekiteko proposamena egin nionean zera erantzun omen zidan: “Bai, baina ni ez nauk sekula kamera aurrean aterako”. Tamalez bere hitza bete du. Tamalez diot, asmatu-ezina dugun kaletarrok telebistan  agertzeko lotsarik izan ez genuen artean artzain-etorriaren jabe zena ezkutuan aritu izan baitzen. Bistan da ordurako ere, oharkabean agian, kinesikoa zena.

Bere zenbait mugarri azpimarratzekotan: kazetari aldetik, 1974ko eta 1980ko euskal espedizioak Everesta; sortzailetzat, Euskadi Irratia; sustatzaile gisa, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen abenturak eta Goenkale telesaila; eta kudeatzaile modura, berriz, Euskal Herritik kanpoko telebistentzat Miramonen eragindako hainbat programa handi-mandi.

“Oterminatorrek” ETBri utzi dio baina ez, horratik, lanari. Oraintsu argitara eman ditu Bide luze bezain malkar eta Largo y tortuoso camino bilketak Amezketako historiaz, eta hainbat urtez edozenbat artxibategitako hautsak astindu ondoren, Fernando Amezketarraren historiografiaz adituenetakoa dugu honez gero.

Artzaina berriro ere borda-bidean. Sekula patxada galdu gabe, bere buruaren jabe, inguratzen zaizkion guztien habe.

Eskerrik asko hi, haizen modukoa haizelako.

 

Jose Mari Otermin Urtizberea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: