Oteizaren arte-oinordetza, Alzutzan
Ez gara orain Jorge Oteiza nor zen esaten hasiko, baina oriotarrak utzitako arte-oinordetzaren interesa ez da inondik ere murriztu, alderantziz baizik, eta Saénz de Oiza arkitektoak bere adiskidearen omenetan burutu eta eraikitako kubo gorrixkak, erdi hutsik balego ere, merezi izango luke lantzean behingo joan-etorria. Gainera, eraikin berria ez ezik, aldamenean atxikiak geratu diren Oteizaren beraren tailerrak zein bulegoak ere sekulako xarma berezia dute.
Kanpoko bisitariaren aldetik museoak duen akatsik handiena ordutegia da, udan eta larunbatetan izan ezik, irailetik ekainera bitartean ez baitute arratsaldez irekitzen. Alegia, kontuz ibili gero, ez dakizun gertatu ostiral edo igande bazkalostean haraino joan eta itxita aurkitzea.
Atzekaldean, Arantzazuko hamalau apostoluak
Oteizak bertan behera utzitako arbela
Aita Donostia
Museoan zehar ez da falta, jakina, Lesakako Agiña gainean Aita Donostiaren omenetan Oteizak egindako oroitarriaren azalpenik. Hala ere, gezurra dirudien arren, museoko gaztelaniazko testuek “Padre Donosti” bataiatu dute Jose Zulaika kaputxino donostiarra.
Ez diegu esango donostiarrei euren hiriaren izena Donosti, Donóstia, Donostía ala Donostiya den. Baina zalantzarik ere gero Aita Donostia… Aita Donostia baino ez zela. Are gehiago, Aita Donostia bera ezagutu zutenek sarri gogoratu ohi dute gure musikagile lasai eta barea gehien asaldatzen zuen kontua Aita Donosti edo Donóstia deitzea zela. Sutan jartzen omen zen.
Zentzu honetan, paradoxa gero Agiñako monumentua egiteko Aranzadi Taldeak 1956ko irailaren 10ean hartu zuen erabakian hiru modutan idatzia agertu izana omenduaren izena: Padre Donosti, Padre Donostia eta Padre Donostía, testu labur samar berberean, bata bestearen ondotik. Hori… Aranzadikoak zientifikoak direla… Edo horregatik behar bada.