Osasun Bakarra: bat, bakarra eta esklusiboa
Miren Basaras, Biologia Zientzietan lizentziaduna eta doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatearen COVID-19 arduraduna izan zen pandemia-garaian. Mikrologia irakasle eta ikertzaile, hizlari eta artikulugile ezaguna zen bere lanbidean baina ez, ordea, gizartean, pandemia zela-eta telebistak haren aurpegia etxeratu zigun arte.
Harrezkero argitara eman du Osasun Bakarra, jomuga eskuraezina saiakera, non pandemiatik haratago aztertzen duen munduan barrena gero eta gehiago hedatzen ari den One Health deritzan kontzeptu holistikoa.
Zer ote One Health edo Osasun Bakarra? Funtsean tesia zera da: orain ehun urte luze arte, medikuntzak bi lan-arlo handi zituen, gizakientzako jarduera eta animalientzakoa. Eta bi medikuntza-jarduera izateaz gainera, hainbat kontinente eta ehundaka naziotako kulturetan sakabanatuak, bakoitza bere kasa, bakoitzaren tradizio eta ahalen baldintzapean. Geroztik garatu den globalizazioak (mundializazioa, Iparraldeko euskaraz) erakarri du, ordea, Osasun Bakarraren jomuga.
Miren Basaras doktoreari jaramon egingo badiogu, “gizarteko diziplina bakar batek ez du behar adinako ezagutza eta baliabiderik gaur egungo mundu globalizatuan gaixotasunen agerpena edo berpiztea prebenitzeko”. Ondorioz, sektoreek elkarren arteko hurbilketa landu behar izango dute akademia, gobernu, industria, politika eta ikerketa maila guztietan; baita elkarlanean aritu ere, nekazaritza, abelzaintza ekologia, birologia, klimatologia, genetika, elikagaien eta uraren segurtasuna, legeria, landaredia, ekonomia, medikuntza eta beste hainbat arlotan.
Osasun eta zientzia-sistema sendoak behar izango dira nazioarte mailan, eta munduko herrialde guztiek prest egon behar izango dute osasun globalerako arriskua dakarten desberdintasun sanitarioak saihesteko eta baliabide nahiz prestakuntzarik ezagatik erantzun ezin dutenei laguntzeko.
Amaitzeko, Miren Basarasek azpimarratu ere azpimarratzen du “osasun-arazoetan politikariek beren alderdien interesak albo batera utzi behar dituzte, eta laguntza eta erraztasunak eman diziplina anitzeko osasun-arloko aditu-taldeei, osasun-krisiei aurre egin diezaieten”.